Urbanizazio lanen aurrekontua da 159.594 eurokoa. Behin proiektua onartuta, laster lehiaketa publikora aterako dituzte urbanizazio lanak. Seguruena, datorren hileko osoko bilkuran onartuko dituzte baldintza pleguak.
Auzoari espazioa eman
Auzoari espazioa ematea da proiektu berriaren helburua. Gauzak horrela, eremu berria zabalagoa izango da; zabaleran, zazpi metro gehiago izango ditu, eta luzeran, berriz, hamaika metro irabaziko ditu.
Batetik, aparkalekuak egingo dituzte; 24 autorendako tokia egongo da. Aparkalekuetako bat gutxitu fisikoendako izango da. Orain aparkaleku gutxi daude eta, gainera, ez dira batere erosoak, bereziki, igogailuak jarri zituztenetik.
Auzotarrak egoteko espazio librea ere egingo dute. Horrek ere espazio zabalagoa emango dio auzoari. Alde batetik, umeendako jolasak jarriko dituzte; 80 metro koadro izango du espazio horrek. Bestetik, zona berde txiki bat ere izango du auzoak.
Azkenik, aipatzekoa da lan hauen aurrekontuaren zati handi bat Diputazioak hartuko duela bere gain. Izan ere, diru-laguntza berezi bat izango dute lanok; 2.000 biztanletik beherako herriei ematen zaiena. %60 ordainduko du Diputazioak.