Jaien balorazio positiboa egin dute Antzuolan, jende gutxiago ibili arren

A.G. 2005ko uzt. 26a, 11:14

Zapatua izan zen egun jendetsuena. Txosna guneko kontzertuek arrakasta izan dute, ez horrela astegunetako dantzaldiek.

Jaien balorazio positiboa egin zuten eguen arratsaldean Antzuolako udaletxean bildutako herritarrek. Banan-banan aipatu ziren jai egitarauko ekintzak eta arrakastatsuenen artean txirrindulari lasterketa, txosna guneko kontzertuak, Joselu anaien zein Egan taldearen dantzaldiak, Mairuaren alardea eta Oinarin taldearen dantza saioa nabarmendu ziren. Kale egin zuten zapatuan Zurrategiko herri-kirolek eta txosna batzordeak antolatutako herri afariak. Cateringa egunez nahastu zen eta 150 pertsonak afaria inprobisatu behar izan zuten zapatuan.

Zuzendu beharrekoak

Herritar batzuen iritziz ekitaldiak erdigunean kontzentratzen dira eta auzo berrietara zabaldu beharko lirateke. Mairuaren alarde egunean udaletxetik eskegitako paneletan gaztelaniaz eman ziren lehen azalpenak eta kexa azaldu zen batzarrean.

Jende oso gutxi ibili zen astegunetako dantzaldietan zein domekako pilota partiduetan. Egubakoitz goizean umeek zailtasunak izan zituzten jolas parkean jolasteko, eguzkitan zegoelako eta jolasek erre egiten zutelako. Hauek batzarrean aipatutako zenbait akats. Udalak, orain, herritarrengandik proposamenak jasotzeko postontzia jarriko du udaletxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak