Gurutz Larrea garaile XIV. Santamarina sarian

A.G. 2005ko uzt. 19a, 11:05
Sumofic taldeko antzuolarrak denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen joan den zapatuan Bergaran, junior mailako Santamarina sarian. Sumofic taldeak, etxean ari zirela eta, hasieratik jo eta su jardun zuen; ihesaldi nagusian Penabad, Antxon eta Nafarrete sartu ziren eta Larreak garaipena lortu zuen.

Ihesaldia bosgarren kilometroan

Ihesaldia bosgarren kilometroan

Sumofic taldea izan zen protagonista nagusia hasieratik. Bosgarren kilometroan zortziko ihesaldi bat antolatu zen eta tartean sartu ziren Asier Penabad, Antxon Anduaga eta Ander Nafarrete. Osintxutik Eskoriatzaraino joan behar izan zuten txirrindulariek eta aurrekoen abantaila handituz joan zen (bost minutu). Ordurako, zortzikotea seikote bihurtua zegoen, baina Sumoficeko hiru txirrindulariak tinko mantendu ziren aurrean. Bergarara bueltan, Aretxabaletan abantailarik handiena lortu zuten aurrekoek: 5:43. Bazirudien tropel nagusian zeuden txirrindulariek ezer gutxi zutela egiteko, baina gauzak ez ziren horrela gelditu.

Bruesa taldea hasi zen tiratzen

Aurrean txirrindularirik ez zutela eta, Bruesa taldeak gogor tiratu zuen eta abantaila gutxitzen hasi zen. Berriro ere Osintxuraino joan ziren eta ondoren Udanarantz jo zuten. Aurrekoak geroz eta gertuago zeudela, eta tropelean txirrindulariak mugitzen hasi ziren. Laxy Colchon taldeko Beñat Urainek jo zuen aurrera lehenengo. Sumofic taldeko Joseba Itziar eta Graficas Otzarretako Urko Eizagirre ere aurrekoak harrapatzen saiatu ziren.

Udana igotzen hasi zirenean minutu bateko atzerapena zuen Urainek eta bi minutukoa Itziarrek, Eizagirrek eta atzetik indartsu etorritako Larreak eta Lavin bizkaitarrak. Udana gainean seikotea laukote bihurtuta pasatu zen. Antxon Anduaga izan zen atzean gelditutako bat. Atzetik, Larrea, Lavin eta Urain gero eta gertuago zeuden.

Deskarga

Deskarga izan zen hurrengo puntu beroa. Aurreko laukotetik Andoaingo Jokin Iartzak metro batzuk hartu zituen, baina ez ziren nahikoa izan. Antzuolan laurak elkartu ziren berriro. Larrea eta Urainek aurrekoak gero eta gertuago zituzten. Horrela, Antzuolan 40 segundoko abantaila zuten aurrekoek, baina kilometroak pasa ahala, abantaila gutxitzen joan zen. Saihesbide berria izan zen gakoa eta Gurutzek hala adierazi zuen: "Saihesbideko aldapan gertu ikusi ditugu eta bagenekien harrapatzeko aukera genuela".

Oxigenoseko biribilgunean 15 segundo zituzten aurrekoek, Bergarako semaforo nagusietan 10 segundo eta azkenean gertatu beharrekoa gertatu zen.

Bi kilometro faltan

Bi Km faltan elkartu ziren seirak. Gurutz indartsu zegoen eta hala erakutsi zuen. Azken 500 metroetan Jokin Iartzarekin jo zuen aurrera eta esprintean irabazi zuen. Ander Nafarrete laugarren izan zen eta Asier Penabadek, seigarren izateaz gain, mendiko saria ere irabazi zuen.

Aste honetan Murtziara

Alegian Gipuzkoako erlojupeko txapeldun izan ondoren, Lesakan Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Larreak. Gero, Gipuzkoako Itzuliko azken etapa irabazi zuen Zumaian eta sailkapen nagusian bigarren amaitu zuen. Zapatuko garaipena denboraldiko laugarrena du Larreak. Aste honetan Espainiako Txapelketetara doa, Murtziara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak