Egubakoitz gaueko lanbroak ez zuen jai giroa batere hoztu

A.G. 2005ko uzt. 18a, 10:26
Jaiak ondo joan direla eta iaz baino jende gehiago ibili dela adierazi dute udal ordezkariek. Egubakoitzeko lanbroak mariatxien emanaldia ilundu egin zuen.

Sasoi baten abuztuan izaten ei ziren herriko jaiak. Orduan beste Ama baten omenez egiten ziren Antzuolako jaiak. Baina urte dezente dira uztailera ekarri zirenetik jaiak eta Karmengo Amaren egunaren bueltan ospatzen dira: uztaileko hirugarren zapatuan egiten da Mairuaren Alardea eta aurreko bi egunetan eta ostekoa bitartean izaten dira Antzuolako jaixak.

Eguena herritarren eguna

Aurten ere, eguena izan da herrikoek parranda handiena egiteko aprobetxatu duten eguna. Egubakoitz arratsaldera arte iraun zuten sasoitsuenek eta egubakoitz gauean gazteenek ez, baina beste askok odola falta zuten zainetan aurreko eguneko martxa izateko. Gainera, lanbroa egin zuen eta hori ere kalean ibiltzeko traba izan zen. Eskerrak ezkondu aurreko agur-afarietako protagonistak ibili ziren, horrelakoetan jantziarazten zaizkien mozorro barregarriekin, gaua zertxobait alaitzeko -hiru lagunek aukeratu zituzten Antzuolako jaixak agur-jairako-.

Mairuaren karaokea

Zapatua egun eguzkitsu eta beroa izan zen, arratsalderako apur bat freskatu zuen arren. Hortaz, Valdejunkerako batailan preso hartutako mairuak herritarrak asto gainetik esku biekin agurtzeko eguraldi bikaina izan zuen.

Zapatukoa, gainera, alarde berezia izan zen. Herritarrek, lehenengoz, Jose Mari Iparragirrek idatzitako alardeko bertsoak kantatzeko aukera izan zuten udaletxetik eskegitako bi estandarteri esker. Bost bertso jarri zituzten han eta asko izan ziren "gurea izan arte mairuen bandera" eta "Antzuolarentzako onra eta gloria" abestera animatu zirenak.

Osterantzean jaiak ondo joan dira. Horrela azaldu digu Iñigo Ramirez de Okariz kultura zinegotziak. "Zapatuan izandako jende kopuruan oinarrituta, badirudi aurreko urteko beherakadari buelta eman zaiola. Eguenean herriko eguna izan zen; egubakoitzean lanbroak pixka bat ilundu zuen gaua; eta zapatuan jende asko etorri zen herrira. Giro jatorra ibili da jaietan".

Orain, San Fermin osteko egunean dioten bezala, urtebete besterik ez da geratzen datorren urteko Antzuolako jaixetarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak