Julen Goikoetxea ondarrutarrak irabazi zuen 60. Antzuola saria

A.G. 2005ko uzt. 11a, 10:32
Deskargako eta Asentzioko gainek erabaki zuten lasterketa eta Km bat faltan Goikoetxeak jo zuen aurrera. TKV-Aldekoa-Lizarralde taldeko Unai Arantzabal zortzigarren heldu zen lasterketa ona egin ostean.

Antzuolako lasterketa udan egiten da, baina ez da garaiko ohiko lasterketa. Beste askotan hasieran sortzen diren ihesaldiek erabakitzen badute lasterketa, atzokoa erabat desberdina izan zen. Lasterketa interesgarria izan zen, bai ibilbidearen gogortasunagatik eta bai txirrindulariek ipinitako gogoarengatik ere. Ihesaldi antzu batzuk egon ostean, Deskargako mendatean txirrindulari indartsuenek aurrera jo zuten. Tartean zeuden Julen Goikoetxea, Miguel Ochoa eta Andoni Lafuente; helmugan eurak izan ziren hiru lehenak. Deskarga igo eta gero, Legazpian, beste taldetxo batek, Unai Arantzabal tartean, aurrekoak harrapatu zituen eta 20ko taldea osatu zuten. Kilometro batzuk aurrerago, Igor Romerok eta Javier Etxarrik aurrera jo zuten. Bikote indartsua zen eta 40 segunduko aldea lortu zuten. Hala ere, Angiozarren harrapatu zituzten eta hor hasi zen irabazlea zein izango zen erabakitzen zuen azkenaurreko iragazkia.

Saunier Duval taldeko Miguel Ochoak erritmo bizia ezarri zuen eta inork ezin izan zion jarraitu. Mendateko pankartan 15 segundu ateratzen zizkion Julen Goikoetxeari eta 30 segundu Wurth-Liberty Seguroseko txirrindulariek gidatzen zuten taldeari. Aurreko urtean talde bereko Jose Antonio Redondok irabazi zuen, eta, gainera, bigarrena eta hirugarrena ere Jose Joaquin Rojas eta Eladio Sanchez izan ziren, biak ere talde berekoak. Bergarara heltzerakoan, Julen Goikoetxeak Miguel Ochoa harrapatu zuen. Atzetik 11 laguneko taldea osatu zen eta aurreko biak harrapatzen saiatu ziren, baina ez zen posible izan.

Azken kilometroan

Antzuolara bidean ondo moldatu ziren Julen eta Miguel. Bazekiten atzetik 11ko taldea zetorrela eta irabaztea nahi baldin bazuten bien artean tiratzea besterik ez zutela. Esprintean jokatuko zela uste zenean, Julenek Matz-Erreka pareko aldapan erritmoa aldatu eta aurrera jo zuen. Miguel saiatu zen, baina ezin izan zuen Julen harrapatu.

Bigarren taldetxoan sartu zen Unai Arantzabal bergararra. Lasterketa barruan egon zen hasieratik amaiera arte eta bukaeran nahiko justu heldu zen esprinterako. Ezin zaio gehiago eskatu, lehen urtea izateko denboraldi bikaina betetzen ari da eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak