150 bat ume Antzuolan Umeen Dantzari Egunean

A.G. 2005ko eka. 13a, 19:20
Inguruko bost herritako zazpi dantza taldek hartu zuten parte. Talde anfitrioiak, Oinarinek, antolatu zuen guztia.

Bergarako Gazte-Alai, Arrasateko Lore-Gazteak eta Txikitxu, Aretxabaletako Loramendi, Soraluzeko Urrats, Oñatiko Oñatz eta Antzuolako Oinarin dantza taldeek parte hartu zuten atzo, domeka, Antzuolan egindako Umeen Dantzari Egunean.

Oinarin dantza taldeak antolatu zuen ekitaldia, bi urtean behin egin izan ohi duen bezala, eta 200 bat lagun batu zituen Antzuolan: 150 bat ume (8 eta 15 urte bitartekoak) eta 50 antolatzaile eta musikari inguru.

Dantza saioak egun osoan

Goizeko hamarretan hasi zuten eguna, txistulariek domekaro egiten duten kalejirarekin. Ordu erdira Antzuolan ziren kanpotik joandako dantza taldeak eta anfitrioiek harrera egin zieten. Gero, hamarretakoa egin zuten pilotalekuan. Horren ondotik, zazpi taldeak banatu eta herriko kaleetan barrena jardun zuten dantzan, 12:30 aldera guztiak elkartu ziren arte plazan alardea egiteko.

Bazkalorduan herriko familiatan banatu ziren umeak, 50 bat familiatan, eta eurekin bazkaldu eta gero, bigarren dantza saioa egin zuten plazan.

Txikienek trokel dantzak egin zituzten

Aipatzekoa da arratsaldeko dantza saioan Antzuolako taldeko gazteenek lehenengoz dantzatu zituztela lau trokeletako bi: makil txiki eta arku dantza egin zituzten herritarren gozamenerako. Antolatzaileak pozik azaldu ziren eguna ondo joan zelako eta eguraldia ere lagun izan zutelako, bero gehiegi egin zuen arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak