Matz-Errekak lantegia ireki du Bergaran

A.G. 2005ko eka. 6a, 10:00
San Juan industria gunean pabilioia eraiki dute eta oinezkoendako ate automatikoen negozioa eramango dute hara.

Antzuolako Matz-Erreka S. Coop.-k lantegi berria ireki du Bergarako San Juan industria gunean bi milioi eurotik gorako inbertsioa egin eta gero. Pabilioiak 2.000 metro koadroko azalera du eta ate automatikoen negozioa eramango du hara Matz-Errekak. Ekainaren bukaeran izango da martxan.

Oinezkoendako ate automatikoen fabrikazio prozesu osoa egingo dute lantegi berrian, diseinutik hasi eta muntaiaraino. Hara eramango dituzte baita ere, negozioko gainerako sailetako bulegoak. Bestalde, egindako inbertsioaren zati bat erabili dute produkzio makinaria berritzeko eta komunikazio azpiegiturak hobetzeko, Josu Tornayk, negozioaren zuzendariak, azaldu duenez.

Leku handiaren beharra

Matz-Errekak automatismoak, finkatze elementuak, doitasunezko plastikoak eta oinezkoendako ate automatikoak egiten ditu. Azkeneko hori Bergarara eramateko arrazoi nagusiak bi dira, Tornayren esanetan: batetik, lehengaiak gordetzeko eta tratatzeko leku handiaren beharra, eta bestetik, negozioa hazi egingo delako aurreikuspena. Izan ere, halako ateak asko erabiltzen dira gune komertzialetan. Bestetik, gaur egun Antzuolan dituzten bi pabilioietan lekua berrantolatzeko aukera ere emango die eta negozioak zabaltzeko. 2004-2008 urte bitarteko Plan Estrategikoan jasotzen dutenez, bi dira hedatze nabarmenena izango duten negozioak, Erreka marka daramaten biak, hain zuzen: automatismoak eta ate automatikoak. Gaur egun 250 lagunek egiten dute lan Matz-Errekan; horietatik 28k oinezkoendako ate automatikoen negozioan jarduten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak