Nerea Soraluze, landare eta loretan aditua: "Neguan hobeto zaindu beharko genituzke balkoiak; negurako landareak ere badaude”

Aintzane Irizar 2005ko mai. 11a, 13:52
Datorren martitzenean, hilak 17, berbaldia egingo du Nereak Olaran etxean, 19:00etan. Loreak eta landareak zelan zaindu azalduko digu berak. Egubakoitzeroko azokako saltzaile bezala ezagutzen dugu gehienok Nerea.

Etxeko landareak ondo zaintzeko ze aholku orokor emango zenizkiguke?

Barruko landareei ur gutxi bota behar zaie, askotan, gehiegi botatzen diegu eta ito egiten ditugu. Nik gomendatzen dudana da ura platerera botatzea; landareak berak ura behar duenean handik hartuko du.

Kanpoko landareen gainean gomendioak ematea zailagoa da, landare guztiak ezberdinak direlako; erosterakoan, saltzaileari galdetzea da egokiena.

Kanporako, gure klimarekin, ze landare dira egokienak sasoi honetan?

Azkeneko urteetan mila landare ezberdin probatu ditugu, baina berriro geraniora itzuli gara. Izan ere, arazo gutxien ematen diguna horixe da. Begoniak ere egokiak izan daitezke, baina nire gomendioa da geranioak jartzea, esperientziak erakutsi digulako egokienak direla.

Landareei berba egin behar zaiela diote batzuek. Zuk zer uste duzu?

Nik ez dut uste; gainera, iruditzen zait, askotan, aspertu egiten ditugula landareak, barrukoak, batez ere: beti hostoak garbitzen, hemendik eta handik mozten... Azkenerako, landarea asper-asper egiten da.

Koloreak zela konbinatu behar ditugu?

Ia inork kontuan hartzen ez duen gauza bat da etxearen fatxadaren kolorea, eta hori oso garrantzitsua da. Adibidez, lore zuriak ez ditu ia inork nahi izaten, kolore alaia ez delako edo. Baina orain asko ikusten ditugun kolore iluneko fatxadetan oso politak geratzen dira lore zuriak.

Bestalde, balkoi baten, gustuen arabera betiere, bizpahiru kolore nahastea polita izan daiteke.

Nahikoa garrantzi ematen diogu balkoiak apaintzeari?

Ba, ez; gainera, udaberrian eta udan bakarrik zaintzen ditugu balkoiak. Negurako ere badaude kanporako landareak.

Loreak norberaren nortasunaren arabera aukeratzen ditugu?

Hori esaten dute; adibidez, lore bakarra duten landareak gustatzen zaizkiona bakartia dela esaten dute; lore bikoizduna aukeratzen duena, berriz, inguruan jendea behar duen pertsona dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak