Gazte mailako futbol taldeak igoera lortu du

Aintzane Irizar 2005ko mai. 5a, 13:30
Azkeneko urtetan bigarren mailan jokatu ondoren, lehen mailara igotzea lortu dute Antzuola Kirol Elkarteko gazte mailako jokalariek. Oraindik bi jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko eta orain, euren helburua da ligako txapeldun izatea.

Zapatuan Oiartzungo taldeari 0 eta 4 irabazi ondoren, lehenengo mailara igotzeko txartela lortu du AKEko gazte mailako futbol taldeak. Orain, antzuolarren helburua da liga irabaztea. Andres Arbulu eta Pablo Olalde dira taldeko entrenatzaileak.

Bi jardunaldi besterik ez zaizkie geratzen, eta oraingo asteburukoa bereziki interesgarria eta erabakigarria izango da: euren taldean bigarren postuan dagoen Beasainen aurka jokatuko du Antzuolakzapatuan, Estalan, 18:00etan.

Partidu hori irabazten baldin badute, antzuolarrak ligako finalerako sailkatuko dira. Hori gertatzen bada, igoera faseko beste taldeko irabazlearen aurka jokatu beharko dute finala; Donostiako Ekintza taldeak edo Urnietak jokatuko du finaleko partidua.

Hiru urte bigarren mailan

Orain dela hiru urte, 2001-2002 denboraldian, egon zen azkeneko aldiz gazteen taldea lehenengo mailan. Urte hartan, baina, jende gutxirekin geratu zen taldea eta ezin izan zioten mailari eutsi.

Azkeneko hiru urteotan, bigarren mailan, lan ona egin dute gazteek. 2002-2003 denboraldian, esaterako, igoera fasea jokatzeko sailkatu ziren; iaz, berriz, igoera faserako sailkatzerik lortu ez zuten arren, kopa irabazi zuten.

Aurten gazteen taldean dauden jokalari gehienak erregionalen taldera pasatuko dira datorren denboraldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak