Borja Ramos kantabriarra indartsuena izan zen Uzarragan

Lasterketan 154 txirrindularik hartu zuten parte eta horietatik 110ek lortu zuten proba amaitzea. Deskargak min handia egin arren, proba lasterketaren azken bi kilometroetan erabaki zen.

Talde guztien aurkezpena, freskagarri ezagun baten jarleku eta mahaiak txirrindulariendako, Estatu guztiko txirrindulariak... asteburu normal bateko lasterketa ez zela argi zegoen Antzuolako irteeran. 31 taldek parte hartu zuten proban eta bakoitzetik bost txirrindularik parte hartzera mugatuta zegoen. Arratsaldeko hirurak ziren eta urduritasuna nagusi zen txirrindularien artean. Astero gertuko txirrindulariekin lehiatzera ohituak daude, baina Antzuolako proban Txiklanako edo Ferroleko txirrindulariak egon zitezkeen. Epaileak txistua jo eta lasterketari hasiera eman zioten.

Hasierako kilometroak lauak ziren eta 10 txirrindulariko ihesaldi bat aurrera irten zen. Bi minutu eta erdiko abantailarekin hasi ziren Deskargako gainera igotzen. Ihesaldi honetan Borja Ramos kantabriarra zegoen eta berak lortu zuen mendiko saria. Kilometroak aurrera joan ahala, nekeak txirrindulari askorengan eragin zuen. Udana jaitsi eta Antzuolara bidean jarri ziren txirrindulariak. 50 txirrindulariko tropeltxoa hasi zen Uzarraga igotzen. Portu motza eta gogorra da eta garaipena bertan erabakiko zen. Erritmo bizian hasi ziren igotzen eta lehenengo kolpe erasoa Pedro Muñoz herriko Rafael Serranok eman zuen. Oraindik kilometro bat gelditzen zen helmugaraino eta luze gelditu zitzaion Gaztela Leongoari kilometro hau. Lasterketa guztian lan asko egindako Borja Ramos kantabriarrak aurrera jo zuen eta Rafael gainditu zuen. Atzetik Julien Berreterot frantziarra helmugaratu zen.

Gureak ondo

Debagoiendarrak ondo ibili ziren. Lasterketa gogorra izan zen eta zegoen maila ikusita lasterketa amaitzearekin pozik egon daitezke. Sumofic taldea hamabosgarren gelditu zen eta Laxy taldearen ostean Gipuzkoakoen artean bigarren gelditu ziren. Esperiantzia oso polita bizi izan zuten eta Antzuolako lasterketa ez dute erraz ahaztuko. Lehenengo postuetan gelditutako txirrindulari batzuk profesionaletara helduko dira, seguruenik, eta beti edukiko dute eurekin lasterketa bat korritu zuten oroitzapena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.