Olatz Lezeta, Arrolako presidente berria: “Arrolaren egoera benetan kezkagarria da; batzordea osatzeko arazo handiak izaten ditugu”

Aintzane Irizar 2005ko api. 7a, 13:28
Martxoan egin zuen urteko batzar orokorra Arrola mendizale elkarteak. Hantxe, besteak beste, batzorde berria osatu zuten; gero, elkarteko presidente berria aukeratu dute, Olatz Lezeta, hain zuzen ere.

Arrolak duen lehenengo emakumezko presidentea izango zara, ezta?

Bai, hala da; dena dela, batzordean gauden kideetatik, erdiak gara emakumeak. Elkartean beti egon da emakume asko.

Orain dela aste batzuk KONTUOLAn argitaratu genuen zuen gutunean, Arrolaren gaur egungo egoera kezkagarria dela esaten zenuten. Zein egoeratan dago, bada, elkartea?

Egoera benetan kezkagarria da, bai, gutunean esaten genuen moduan. Batzordea osatzeko arazoak izan ditugu azkeneko urteotan; ia datorren urterako jende gehiago animatzen den parte hartzera, bestela, erabaki desatseginak hartu beharko ditugu. Nik neuk bi urte daramatzat batzordean eta, berez, kargua bi urterako izaten da, baina jarraitu egin behar izan dut.

Irteeretako parte hartzea, baina, bestelakoa da; orokorrean, jende askok parte hartzen du, gaztetxoen irteeretan, batez ere.

Antolatu ere, irteera ugari antolatzen dituzue umeendako eta gaztetxoendako. Zeu ere umetatik hasi zinen Arrolaren irteeretara joaten?

Bai, beti joan izan naiz; beno, gaztetan, garai bat izan nuen mendizaletasuna alde batera laga nuena. Lehenago, gainera, ume denok joaten ginen irteeretara; gaur egun ere, lehen esan dudan moduan, umeak eta gaztetxoak dira finenak.

Aurrera begira, zeintzuk dira zuen erronkak?

Batzordean parte hartzeko jendea topatzea da gure lehentasuna. Gainera, harremanak egiteko aukera egokia eskaintzen du. Bestalde, aurten izango dugun berritasun bat da aihertarrekin batera asteburu bateko irteera egingo dugula Aiherrara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak