Bihar, martxoak 23, Antzuolako EAJko kideek eurena izandako ikurrin baten erreplika jasoko dute Sabino Arana Fundazioko kideen eskutik. Orijinala, berriz, Euskal Abertzaletasunaren museoan dago, Artean.
Orain dela urtebete gerra zibilaren gaineko erakusketa egin zuten Antzuolan. Hantxe, Antzuolako Emakume Abertzale Batzaren ikurrina jarri zuten ikusgai. Sabino Arana Fundazioko kideek ikurrin hori ikusi eta balio handikoa zela ohartu ziren.
Gauzak horrela, ikurrina Arteako Euskal Abertzaletasunaren museora eramatea proposatu zieten Fundazioko kideek Antzuolako EAJkoei. Horren truke, ikurrinaren erreplika bat egiteko konpromisoa hartu zuen Sabino Arana Fundazioak. Konpromiso hori bete dute, eta bihar, martxoak 23, 11:00etan, entregatuko diete ikurrina antzuolarrei. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da ekitaldia.