Jose Luis Santamaria, marista: "Barne formaziorako zentroa eta Probintziako Etxea zen Antzuolakoa"

Aintzane Irizar 2005eko martxoaren 9a

San Joseren irudiaren 75. urteurreneko ospakizunen barruan, Jose Luis Santamariak berbaldia egingo du eguenean, hilak 10. 18:30ean, erakusketa inauguratuko dute; horren ondoren izango da berbaldia.

Zela iritsi zinen Antzuolara?

Batxilergoko ikasketak maristetan egin nituen, eta laugarren ikasturtea egitera Antzuolara joan nintzen, 1957. urtean. Salvador Irizar antzuolarra izan zen gure zuzendaria garai hartan. Ondoren, marista sartzea erabakitzeko prozesuarekin eta ikasketekin jarraitu nuen Antzuolan. Abituak ere hantxe hartu nituen. Irakasle ikasketak egin nituen gero eta formazio prozesuan zebiltzan mutilen irakasle jardun nuen Antzuolako barne formaziorako zentroan.

Eta maristak zela iritsi ziren herrira?

Lehenengo, 1903. urtean, Oñatira joan ziren, Frantziatik; eta Oñatitik, berriz, Antzuolara. Herritar batek eraikin bat egin zuen Antzuolan, moja batzuendako; azkenean, baina, moja horiek ez ziren joan eta maristek izan zuten eraikina erosteko aukera. Horrelaxe joan ziren. Probintziako Etxea eta barne formaziorako zentroa zen Antzuolakoa. Hantxe zegoen probintziako administrazioa. Denetik zegoen etxe hartan; bitxikeria moduan, aipagarria da hantxe zegoela sotanak egiteko jostuntza.

Ze eragin izan zuten maristek herrian?

Nik uste dut eragin txikia izan genuela; guk geure bizitza egiten genuen eta ez ginen gehiegi barneratu herriko bizimoduan. Nobiziotzaz aparte, herri eskola txiki baten ardura ere bazuten maristek eta horixe izango zen, beharbada, herriarekin izan zuten harreman handiena.

Orain dela gutxi eraitsi zuten maristena izandako eraikina. Pena hartu duzu?

Bai; gauza asko bizi izan nituen hantxe eta jakin nuenean, pena hartu nuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak