Oier Peñagarikano, EHEko kidea: "Aurtengo gure erronka nagusia izango da herriko osasun zerbitzua euskalduntzea"

Aintzane Irizar 2005ko urt. 13a, 12:10
Euskal Herrian Euskaraz erakundearen 25. urteurrenarekin bat eginez, Antzuolan talde berria sortu dute. Abenduaren 27an egin zuten aurkezpen ekitaldia. Taldeko kide Oier Peñagarikanorekin berba egin dugu.

Zelatan sortu duzue taldea herrian?

Beharra ikusten genuelako; alde batetik, ikusten dugu azkenaldian gaztetxoek geroago eta gehiago jotzen dutela gaztelerara. Bestalde, kanpotik geroago eta jende gehiago dator eta ardura bat bageneukan. Horrela, talde bat elkartu eta Euskal Herrian Euskaraz sortu genuen.

Zenbat lagunek diharduzue lanean?

Momentu honetan sei bat lagunek dihardugu; dena dela, ateak irekita daude nahi duen guztiak parte hartzeko. Oraindik ez dugu egunik eta ordurik jarri batzarretarako, baina, egingo dugu deialdia. Borroka honetan denendako tokia eta denon beharra dago.

Bestalde, aipatzekoa da gure asmoa dela herri mailako euskalgintza taldea sortzea. Idolaz euskara elkartea, Udala eta euskararen alde lan egin nahi duten guztiekin talde bat osatzea nahiko genuke; horrela, indar gehiago hartuko genuke guztiok. Bergaran badugu horren adibidea: Jardun, EHE, AEK eta Udal Euskaltegia batu eta hainbat ekimen antolatu izan dituzte. Proiektu hori aurrera ateratzea da gure helburuetako bat. Ia otsailean horretan lanean hasten garen.

Non daukazue egoitza?

Udalarekin harremanetan jarri ginen bulego bat eskatzeko, baina, ez digute eman; esan digutenez, ez daukate lokalik lagatzeko moduan. Ia laster zerbait lortzen dugun.

Zein da zuen helburua?

Nazio mailan, EHEren helburua da euskararen benetako ofizialtasuna lortzea eta euskaldunon eskubideak bermatzea.

Zuen lehentasunak herri mailan zeintzuk dira?

Herri mailako azterketa bat eta balorazioa egin ondoren, gure lehentasunak zehaztu ditugu eta urte osorako plangintza egin dugu. Horrela, aurtengo gure erronka nagusia izango da mediku euskalduna lortzea edo daukagun medikua euskalduntzea. Gure ustez, horrelako zerbitzu garrantzitsu baten euskarak tokirik ez izatea larria da. Gainera, kontuan hartuta Antzuola nahiko herri euskalduna dela (%80 euskaldunak), euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko lan egingo dugu.

Ekimenik epe laburrera?

Hilaren 22tik martxora arte sinadurak batzen ibiliko gara, osasun zerbitzu euskalduna eskatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak