Azaroaren 16an atxilotu zuten Patxi eta Martuteneko espetxean dago preso. Gauzak horrela, eta etxebizitza ordaintzeko maileguari aurre ezin diola egin ikusita, 600 euro baietz! ekimena abiarazi dute bere lagunek.
Ekimen horren helburua zera da: herritarren artean, hilean 600 euro batzea, maileguari aurre egin ahal izateko. Horretarako, hilero bost euro ordaintzeko prest egongo liratekeen 120 herritar lortu nahi dituzte. Ekimen honek iraungo du Patxi epaitu bitartean edo aske geratu bitartean.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek horretarako aukera izango dute Larrea eta Gailur tabernetan izena emanda edo Patxiren koadrilakoekin berba eginda. Herriko enpresa nagusienetan ere osatu dituzte taldeak informazioa emateko. Abenduan egingo dute kanpaina eta urtarrilean hasiko dira dirua batzen.
Martutenen, astelehenetik
Atxilotu eta astebetera, azaroaren 23an, hain zuzen ere, Arrasateko ospitalera eraman zuten Patxi, eta ebakuntza egin zioten. Hantxe egon da abenduaren 13ra arte, astelehena. Egun horretan Martuteneko espetxera eraman zuten.