Hogei urteren buruan, Aiherra eta Antzuolaren senidetzea ofiziala da

Senidetze hitzarmena barikuan izenpetu zen Aiherran, senidetze lasterketa abiatu baino lehen. Aiherra eta Antzuola lotu dituen 150 kilometroko lasterketa hamalau ordutan burutu dute korrikalariek.

Jendetsua eta polita izan zen zapatu eguerdian Aiherra-Antzuola 150 kilometroko lasterketaren bukaera. 11:40ean iritsi zen bezperako 20:00etan Aiherratik irtendako lasterketa Antzuolako plazara.

Jose Mª eta Andre, Mikel eta Jean Louis... lehenak antzuolarrak eta bigarrenak, berriz, Aiherrakoak. Beste herritar askok bezala, zapatu goizeko hamarretakoa elkarrekin egin zuten. Ez dira korrikalari profesionalak, baina lasterketa baten ezagutu dute elkar.

Antzuolako Udal Txistulari Bandak lagunduta egin zuten lasterkariek ibilbideko azken kilometroa. Aurretik, lore sorta bat utzi zuten Ezkion azken hogei urteotan senidetzearen alde lan egin duten guztien ohorez, tartean auto istripuz leku horretan hil zen Iñaki Lete Antzuolako Alkate ohiari.

Behin Antzuolako plazan, aurreskuarekin egin zioten ongietorria lasterketako lekukoari. Gero, udaletxeko balkoian irakurri zuten lekukoak barruan zekarren agiria.

Aiherrako Nelly Challetek irakurri zuen Manex Erdozaintzi olerkari aiherratarraren Ahal Banintu olerkia. “Kantuz eta lasterka etorri gara etorkizun itxaropentsu baten ametsetan”, esan zuen Nellyk amaitzeko.

Bertsolariei eman zieten hitza jarraian. Aiherrako Andre Martinonek eta Antzuolako Jesus Kortabarriak bat egin zuten. “Gazteek bere egin dezatela orain senidetze eta anaitze hitzarmen hau”, esan zuten.

Bazkari jendetsua

Eguerdian 340 lagunetik gora elkartu ziren Antzuolako frontoian antolatutako bazkarirako, tartean 120 aiherratar. Aurretik, ordea, hamarretakoa egin zen Herriko plazan. Salda, Bidaurreko sagardoa eta 600 txorizo eta okela gisatu pintxo edan eta jan zituzten.

Elkarren ezagutza bultzatzeko joko bat proposatu zieten antolatzaileek parte-hartzaileei. Plaza erdian bi panel jarri ziren Aiherra eta Antzuolako esamoldeekin. Zeintzuk ziren baliokide? Egon zen esamoldeak lotzen asko saiatu zenik. Erantzunak bazkalostean banatu ziren. Hasi da benetako senidetzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.