Jesus Etxeberria, bideo zaletua: “Kultur ekitaldiak grabatu izan ditut, batez ere”

Hamalau urte daramatza Jesusek herriko ekitaldiak bideoan grabatzen. Orain, Udalak hala eskatuta, grabazio guztiak 60 DVDtan antolatu ditu. Udal Liburutegian jarriko dituzte DVD horiek, herritarren eskura.

Gogoratzen duzu erosi zenuen lehendabiziko bideo kamera?

Bai, horixe; nahikoa kamera ona zen, orduko formatuan. Super VHS kamera bat zen. Oraingoekin alderatuta, noski, kalitate eskasagoko irudiak hartzen zituen. Hamar bat urtean ibili nintzen kamera harekin.

Zergatik, zerk bultzatuta, erosi zenuen lehendabiziko kamera hura?

Urte hartan, 1990. urtean, hain zuzen ere, nire semeak eta ilobak lehenengo jaunartzea egin behar zuten, eta horrexegatik erosi nuen. Aurretik nenbilen kamera bat erosteko gogoarekin, beti erakarri izan nau mundu horrek, baina, azkenean, jaunartzeagatik erosi nuen. Eta jaunartzean, hain justu, egin nuen lehendabiziko grabazioa ere. Lehenengoa izateko, nahiko lan txukuna atera zitzaidan.

Hamalau urteotako grabazio guztiak 60 DVDtan batu dituzu. Lan handia egin duzu.

Ikaragarrizko lana eman dit, bai; iaz bukatzekoa nintzen eta, azkenean, aurten bukatu dut. Tarteka, denbora librea neukanean, egiten nuen lana. Analogikotik digitalera aldatu behar izan ditut grabazio guztiak; grabagailu berrira pasatu irudiak, handik ordenadorera sartu eta programa batekin moldaketak egin ondoren, DVDra pasatu. Lan handia izan dut.

Zer ikusi ahal izango dugu DVD horietan?

Denetik pixka bat, baina, batez ere, kultur ekitaldiak eta horrelakoak. Herriko jaiak, auzoetakoak, Udalak antolatutako kultur ekitaldiak... Baina, baita herrian gertatu diren hainbat gauza ere.

Liburutegian jarriko dituzte DVDak, herritarrek maileguan har ditzaten. Ilusioa egingo dizu herritarrek zure lana ikusi ahal izateak, ezta?

Bai, horixe; dena dela, politena da ikustea urtetik urtera zelako aldaketak egon diren. Jendea, kaleak... aldaketa handiak egon direla ikusten da bideoetan. Grabatzen ibiltzen naizenetan, jendea kexatu izan da eta ez grabatzeko eskatu, baina, denborarekin, balioa hartzen dute irudiek.

Anekdotak izango dituzu.

Ez zait sekula ahaztuko erleak eskola aurrean egon zirenekoa. Tomas Kortabarria etorri zen erlea kentzera, eta ni han ibili nintzen grabatzen, gorputz guztia erlez beteta neukala. Orain pentsatzen jarrita, ez dut ulertzen zela ausartu nintzen hori egitera. Baina, nik beti pentsatzen dut: “Hau ez da berriro inoiz gertatuko eta grabatu egin behar dut”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.