Jean Michel Barbier, Aiherrako Beltzuntze elkartekoa: “Urteurreneko ospakizunekin, helburua da aihertarron eta antzuolarron arteko harremanak indartzea”

Aintzane Irizar 2004ko ira. 30a, 13:37
Aurreko asteko egubakoitzean, Aiherratik Antzuolara arteko Korrikaren aurkezpena egin zuten. Hantxe izan zen Jean Michel. 20 urte dira bi herriok anaitu zirela, eta harreman horren gainean jardun dugu Jean Michelekin. Egubakoitzean, hilak 1, Korrika antolatzen hasteko batzarra egingo dute Antzuolako udaletxean, 18:30ean.

Zela sortu zen bi herrien arteko harremana?

Urbia inguruan, Aiherrako bi bikote oporretan ziren eta mendian zebiltzala, Antzuolako herritar batzuk ezagutu zituzten. Adiskidetu ziren eta euren arteko harremanarekin jarraitu zuten. Horrela, handik gutxira, Aiherrako gazte talde bati proposamena egin ziguten Antzuolara joateko, herria ezagutzera. Horrelaxe hasi zen, bada, gure arteko harremana.

Zelakoa izan da harreman hori urte hauetan guztietan?

Urtero-urtero egon gara aihertarrak Antzuolan eta antzuolarrak Aiherran. Antzuolaren kasuan, Udalak antolatu izan ditu hainbat ekitaldi; Aiherran, berriz, Beltzuntze elkarteak, Udalaren laguntzarik ez dugu eta izan.

Gure helburua beti izan da aihertarrok Antzuola eta Hegoaldea ezagutzea eta alderantziz, antzuolarrek Aiherra eta Iparraldea ezagutzea. Izan ere, herri bereko seme-alabak gara, hizkuntza bera dugu, nahiz eta hainbat desberdintasun izan. Horrela, hainbat irteera egin izan ditugu hemen antzuolarrekin eta baita Antzuola inguruan ere.

Ekitaldi ofizialez aparte, harreman pertsonalak ere sortu dira urte hauetan guztietan. Eta egubakoitzeko aurkezpen ekitaldian zenbat jende egon zen ikusita, iruditzen zait jendeak baduela gogoa harreman hauekin aurrera jarraitzeko.

Badirudi, baina, azkeneko urteotan epeldu egin dela harremana.

Bai, guk ikusten duguna da Antzuolako gazteek ez dutela interes handirik. Dena dela, 20. urteurreneko ospakizun hauekin, iruditzen zaigu elkarrekin lan eginez, elkar ezagutzeko aukera izango duela adin guztietako jendeak. Gainera, Euskal Herrian sinisten baldin badugu, nik uste dut horrelako urratsetatik hasten dela biharko Euskal Herria.

Aurrera begira ere harreman horrekin jarraitzeko, zer asmo dituzue?

Nahi duguna da urteurreneko ospakizunekin harremanak sendotzea; eta hortik abiatuta, elkarteen arteko harremanak sortzea, eskoletako umeen artekoak, bi herrietako mendi elkarteen artekoak, txirrindularitza zaleen artekoak eta abar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak