Aiherra eta Antzuola, 20 urte anaituta

Aiherra eta Antzuola anaitu zirela 20 urte betetzen dira aurten. Hori ospatzeko eta bi herrien arteko harremana sendotzeko, hainbat ospakizun antolatzen dihardute. Egubakoitzean, hilak 24, Aiherrakoak herrian izango ditugu ospakizun horien berri emateko.

Aiherrako Beltzuntze elkarteko kideek dihardute ospakizunak antolatzen; horretarako, Antzuolako Udalarekin izan dituzte hainbat batzar. Egubakoitzeko aurkezpenarekin nahi dute Antzuolako herritarrak eta elkarteak ere antolakuntza lanetan inplikatzea; Udalak, hala ere, laguntza osoa emango diete.

Korrika Aiherratik Antzuolara

Hasierako asmoa zen urriaren amaieran egitea ospakizun ekitaldiak. Azkenean, baina, erabaki dute hobeto izango dela beranduago egitea, guztia behar bezala antolatzeko nahikoa denbora izan dezaten.

Aspalditik darabilte buruan Beltzuntze elkartekoek ideia bat: AEK-k antolatzen duen Korrikaren antzerako zerbait antolatzea, Aiherra eta Antzuola artean. Euren asmoa da egun baten Aiherran irten eta hurrengo egunean, eguerdian, Antzuolara iristea. Horretarako, noski, beharrezkoa da herri bietako herritar askoren parte hartzea. Gero, Antzuolan, herri bazkaria eta beste hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dute.

Oraindik ez dute zehaztu noiz izango diren ekitaldi horiek guztiak. Oraingoz, lehendabiziko batzarra besterik ez da izango egubakoitz iluntzekoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.