Martitzenean, abuztuak 31, izan zuten erregional mailako kideek denboraldiko lehen entrenamendu saioa. Denboraldiko lehen partidua, berriz, irailaren 19an izango dute.
Kostata, baina, lortu du Antzuola Kirol Elkarteak erregional mailako taldea osatzea. Dena dela, oraindik ere dei egin nahi diete futbol jokalariak izandako herritarrei taldean sartu daitezen. Aurtengo denboraldian Bergarako sei jokalari izango ditu talde antzuolarrak; jokalari horiek talderik gabe geratu dira, BKEk erregional mailako taldea kendu egin du-eta. Honako hauek dira jokalari bergararrak: Martin Zaitegi, Manex Altuna, Alex Abajo, Aitor Blanco, Jabi Berraondo eta Andoni Ibarbarriaga. Momentuz, entrenatzaile bakarra du talde nagusiak, Gurutz Zabalo, hain zuzen ere.
Gazte mailako taldea ere hasita dago entrenamenduekin; abuztuaren 25ean, hain zuzen ere, ekin zieten denboraldi berriko entrenamenduei. Pablo Olalde eta Gaizka Asensio izango dira aurten ere gazteen entrenatzaileak.
Kadeteei dagokienez, Mikel Larrañaga arduratuko da aurten gazteenak entrenatzeaz.
Nesken taldea aurrera atera dute
Azkeneko momentura arte zalantzan egon dira, baina, azkenean, nesken taldea ere lortu dute aurrera ateratzea. Jokalari gehienak iazko denboraldikoak izango dira, baina, badaude jokalari berri batzuk ere.
Nesken taldean orain duten arazoa da entrenatzailerik ez dutela. Hala ere, Jose Angel Fernandez arduratuko da taldea entrenatzeaz, entrenatzaile berri bat topatu bitartean.
Jose Angel Fernandez AKEko presidenteak adierazi digunez, horixe da orain duten arazo handiena: entrenatzaile falta, alegia. Izan ere, kadete mailan, entrenatzaile bakarra dute, Aritz Saidik taldea laga eta gero; erregional mailako taldean antzeko zerbait gertatzen da: Gurutz Zabalo bakarrik dute, eta esan bezala, nesken taldearendako ez dute entrenatzailerik topatzen, Iratxe Azkargortak kargua laga beharizan duelako.