Abuztuan hasi zituzten haurtzaindegia egokitzeko lanak

Uztailean aurreratu genizuen moduan, herrian haurtzaindegia jartzeko prozesua aurrera doa; lanak irailean hastekoak ziren arren, azkenean, abuztuan hasi zituzten. Udaleko arduradunen asmoa da otsailerako martxan jartzea haurtzaindegia.

Uztaileko osoko bilkuran, haurtzaindegia eraikitzeko lanak esleitzeko baldintza pleguak onartu zituen udalbatzarrak. Lan horiekin irailean hasteko asmoa azaldu zuen Udalak orduan. Azkenean, baina, abuztuan hasi dituzte lanok. Horrela, eskolak hasi aurretik lanik zaratatsuenak eta zikin handiena sortzen dutenak bukatuta egongo dira. Otsailerako haurtzaindegia zabaltzea espero dute Udaleko arduradunek.

Herri Ikastetxean bertan kokatuko dute haurtzaindegia, oraingo eraikinari atxikita, jolastokiaren ondoan.

Haurtzaindegiaren egokitzapen lanak Udalak hartu ditu bere gain; 300.000 bat euro inbertituko ditu horretan. Haurtzaindegiaren kudeaketaz eta hornikuntzaz, berriz, Haurreskolak Patzuergoa arduratuko da.

Aurrematrikulazioa

Haurtzaindegiak 0 eta 2 urte bitarteko herriko umeendako zerbitzua eskainiko du. Bi gela egongo dira: 0 eta 1 urte bitartekoendako gela bat eta 1 eta 2 urte bitartekoendako beste bat.

Plaza mugatuak izango ditu haurtzaindegiak eta herriko bertako umeek izango dute lehentasuna. Txikienen gelari dagokionez, zortzi bat umerendako lekua egongo da. 1 eta 2 urte bitarteko umeen gelari dagokionez, berriz, hamabi bat ume hartuko dituzte gela horretan.

Esan bezala, haurtzaindegia otsailerako martxan jartzea da Udalaren asmoa. Horretarako, irailean bertan edo urrian zabalduko dute umeak aurrez matrikulatzeko epea. Egunotan erabakiko dituzte epe horiek eta herritarrei jakinaraziko diete.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.