Erregionalen taldea osatzeko arazoak ditu Antzuola Kirol Elkarteak

Aintzane Irizar 2004ko uzt. 21a, 15:07
Antzuola Kirol Elkarteak hil honen 13an egin zuen urteko batzar orokorra. Hantxe, besteak beste, aurreko denboraldiaren balorazioa egin zuten eta denboraldi berriaren gainean dituzten asmoen berri jardun zuten. Zuzendaritzan ez dute aldaketarik egin.

Orain artekoek jarraituko dute Antzuola Kirol Elkartearen zuzendaritza batzordean; Jose Angel Fernandezek presidente izaten jarraituko du eta honakoak dira zuzendaritzako gainerako kideak: Pablo Olalde, Gaizka Asensio, Jabier Fernandez eta Jose Mari Alberdi.

Batetik, aurreko denboraldiaren balorazioa egin zuten aurreko asteko batzarrean; kirol emaitzei dagokienez, balorazio positiboa egin zuten: erregional mailako taldeak igoera faserako sailkatzea lortu zuen; gazte mailako taldeak Gipuzkoako kopa irabazi zuen; kadeteek eta neskek, azkenik, ez dute denboraldi oso ona egin, baina, kirol elkarteko arduradunak pozik geratu dira orokorrean.

Zuzendaritzako ordezkarien esanetan, ekonomikoki ere ez da urte txarra izan; dena dela, jokalariei ezin izan diete itzuli denboraldi hasieran jarri zituzten 60 euroak.

Erregionalen taldea kolokan

Denboraldi berriari begira, berriz, hainbat arazo dituzte kirol elkartekoek. Arazo larriena erregional mailako taldearekin dute. Batetik, hainbat jokalarik erabaki du taldea lagatzea, batzuk kanpora ikastera edo lanera doazelako eta beste batzuk bestelako arrazoi pertsonalengatik. Gainera, aurten ez da jokalaririk igoko gazte mailako taldetik erregionalen taldera. Gauzak horrela, herritarrak animatu nahi dituzte talde horretan jokatzera. Zuzendaritzako kideek espero dute Bergaran bertan behera laga duten erregional mailako taldeko hainbat jokalari etortzea Antzuolara. Elkartearen asmoa da abuztua baino lehen taldea osatuta izatea. Dena dela, irailaren 15era arteko epea dute federazioari izen guztiak emateko.

Azkenik, aipatzekoa da zuzendaritza batzordeak denboraldi berriari begira hartu duen beste erabaki bat: jokalari bakoitzak 70 euroko fidantza bat jarri beharko du denboraldi hasieran. Denboraldi bukaeran arropak behar bezala itzultzen duen jokalariari eta denboraldian zehar taldea lagatzen ez duenari itzuli egingo zaizkio 70 euroak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak