Harrera ona aurtengo berrikuntzei: txosnak Zurrategin eta herri afaria

Mairuaren alardeak ere jende asko erakarri zuen, valdejunquerarrak, tartean. Muez herriko ordezkariak etorri ziren gudu hura antzuolarrek nola gogoratzen duten ezagutzera.

Ederki igaro dituzte antzuolarrek herriko jaiak. Eguen arratsaldean hasi zituzten jaiak. Oinarin taldeko dantzari txikienek Ikurrin dantza egin zuten, herriko plazan. Batzuk urduri samar ziren, ez daude-eta jendaurrean dantza egitera ohituta. Udalbatzako kideak ez dakigu urduri zeuden edo ez, baina han irten ziren plazara, aurreskua egiteko prest.

Bestalde, Gertu Gae plataformakoek protesta egin zuten eta “Udal hau ez da demokratikoa” zioen pankarta zabaldu zuten.

Ordurako zapi laranja asko ageri ziren kalean. Kasualitatez edo Euskalteli babesa emateko, aurtengo jaietako zapiak laranjak izan dira. Kamisetak, ordea, kolore guztietakoak ageri ziren; Antzuolako koadrilek eusten diote jaietako kamisetak egiteko ohiturari eta. Gaztetxoenendako lehenago hasi ziren jaiak; bazkaria eta jolasak izan zituzten-eta, arratsaldean. Barrakak ere azkar asko probatu zituzten. Gehienak gustura ziren etorritako barrakekin eta haien prezioarekin: bira bat, euro bat. Ondo pasatzeko beste mila aukera izan dituzte.

Antzuolarrek beldurra bazuten arren, ateri mantendu da ia egunero. Hori bai, zaparrada bat bota zuen egubakoitzean. Presoen aldeko ekitaldia orduantxe amaitu berri zen eta txorizoa eta sagardoa dastatzen ziharduten han izandakoek. Dena den, aurkitu zuten irtenbidea: udaletxe azpian pilatu ziren guztiak.

Zapatua, egun handia

Zapatu arratsaldean, Mairuaren alardeak jendetza erakarri zuen. Valdejunquerarrak ere izan ziren herrian; Muez herriko ordezkariek Antzuolako erretiratuek eurei egindako bisita itzuli zieten eta alardea ikustera etorri ziren. Alardea amaitutakoan herri kirolak egon ziren, Zurrategin, txosnen kokaleku berrian.

Antzuolako bi talde eta Idiazabalgo bat lehiatu ziren eta antzuolarrak atera ziren garaile. Gauean, herri afaria izan zen eta 140 bat lagun elkartu ziren bertan.

Urtean nabarmendu diren herriko kirolariak goiz jaiki behar izan ziren domekan, eguerdian omenaldia egin zieten eta. Horrekin batera, aeromodelismo erakustaldia eta gastronomia dastatzea izan ziren. Pilota partiduak eta kale antzerkia izan ziren jaien azken arnasak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.