Wurth taldeko Jose Antonio Redondok irabazi zuen Antzuolan

SaioaIgartua 2004ko uzt. 12a, 11:08
Ciudad Realekoak 02:58:05 nahikoa izan zituen probako ibilbidea lehen postuan amaitzeko. Lasterketa gogorra izan zen: izena emandako 121 txirrindularietatik 64k lortu zuten helmugara iristea

Antzuolako LXI. Txirrindularitza Sarian, Iñaki Lete XII. memorialean, ibilbidearen gogortasuna izan zen ezaugarri aipagarriena. Txirrindulariek azpimarratu zutenez, ibilbidearen 125 kilometroetan zeuden portuak oso gogorrak izan ziren, Asentzioko azken portua, batik bat. Beharbada, bere gogortasunagatik erabaki zen bertan lasterketaren azken emaitza.

Taldekideak ere, irabazle

Wurth taldeko txirrindulariak izan ziren lehen hiru sailkatuak. Ciudad Realeko Jose Antonio Redondok irabazi zuen. 02:58: 05 behar izan zituen proba burutzeko. Bigarren sailkatua Jose Joaquin Rojas izan zen, eta hirugarrena, Eladio Sanchez. Hiru taldekideek denbora bera behar izan zuten lasterketa bukatzeko, hirurak batera heldu ziren-eta helmugara. Jose Antonio Redondo irabazleak adierazi zigunez, “irabaztea erraza izan da, taldekideen laguntzarekin”.

Erritmo biziko proba

Hasiera-hasieratik izan zen borrokatua lasterketa. Lehen momentutik, erritmoa azkarra izan zen: lehen ordubetean 46 km/h-ko abiaduran ibili ziren. Eraso saiakerak ere, behin eta berriz egin ziren.

Lasterketa lehen portuan hasi zen puskatzen. Deskargako maldetan, indartsuenak ipini ziren lehen postuetan, eta hamabi bat txirrindularik jarraitu zuten beste guztien aurretik helmugarako bidean.

Baina Asentzioko azken portua izan zen erabakigarria. Hemen, zortzi txirrindularik osatutako taldea zegoen portua igotzen hasi aurretik, baina behin igoerari ekin ziotenean, hiru txirrindularik hartu zuten aurrea, eta azkenean horiek izan ziren lehen hiru sailkatuak.

57k laga zuten proba

Probaren gogortasunaren erakusle, berau utzi zuten txirrindulari kopurua izan zen. Izan ere, lasterketan izena eman zuten 121 txirrindularietatik 57k proba utzi egin zuten. Guztietatik, 64 bakarrik gai izan ziren helmugara heltzeko.

Azkenik, aipatu behar da lasterketako antolatzaileetako batek helarazi zigun kexa. Izan ere, errepideetan egiten ari diren lanengatik, Antzuolara heltzeko seinale garbirik ez zegoen, eta txirrindulari batzuek arazoak izan zituzten bidegurutzeetan bide egokia hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak