Haurtzaindegia otsailean zabaltzea espero dute

Aintzane Irizar 2004ko uzt. 8a, 11:51
Urrats berri bat eman du Udalak haurtzaindegiari dagokionez: haurtzaindegia eraikitzeko lanak esleitzeko baldintza pleguak onartu ditu. Udaleko arduradunek espero dute irailean lanekin hastea eta otsailean haurtzaindegia zabaltzea.

Aurreko asteko egubakoitzean egin zuen Udalak uztaileko osoko bilkura; hantxe, haurtzaindegia eraikitzeko lanak esleitzeko baldintza pleguak onartu zituen. Lanen esleipenak Udalak berak kudeatuko ditu eta gremioka egingo dituzte esleipenok; horrela, merkeago aterako zaizkio lanak Udalari.

Haurtzaindegia izango denaren aurreproiektua idatzita dago eta behin-betiko proiektua idazten dihardu orain Ingenieria 21 enpresak. Herri Ikastetxeari atxikita egingo dute eraikin berria, jolas-tokiaren ondoan.

Behin baldintza pleguak onartuta, laster esleituko dituzte lanak, eta irailean lanekin hasteko moduan egongo direla espero dute Udaleko arduradunek; euren asmoa da datorren urteko otsailean haurtzaindegia zabaltzea.

Udalak finantzatuko du

Antzuolako Udala Haurreskolak Partzuergoaren barne dago. Horrela, lanak finantzatzeaz Udala arduratuko da, baina, haurtzaindegia hornitzea eta kudeatzea Partzuergoaren zeregina izango da. Udalak 300.000 bat euro inbertituko ditu haurtzaindegia eraikitzen.

Partzuergoak bi haurtzaindegi maila bereizten ditu: 2.000 biztanletik beherako herrietarako haurtzaindegiak eta 2.000 biztanletik gorako herrietarako. Antzuolak 2.000 biztanle baino gutxiago dituen arren, biztanleriaren goranzko joera ikusita, herri handienetarako moduko haurtzaindegia egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak