Gizarte etxea Sagastiko zelaian egitea jasotzen du Udalaren aurreproiektuak

Usoa Agirre 2004ko eka. 29a, 14:25
Gizarte etxearendako aurreproiektua egin du Udalak. Bertan jasotzen denez, Sagastiko zelaian egingo dute gizarte etxea eta lehen maristen eraikina zegoen lekuan etxebizitzak egingo dituzte. Urtebete barru lanekin hasteko asmoa du Udalak.

Azken asteotan gizarte edo kultura etxearen aurreproiektua aurkezten aritu dira Udaleko arduradunak hainbat bizilagunen artean.

Aurreproiektu horrek jasotzen duenez, gizarte etxea Sagastiko etxebizitzen ondoan dagoen zelaian egingo dute. Hantxe jarriko dituzte kultur jardueretarako lokalak eta hainbat gizarte zerbitzu. Besteak beste, medikuaren kontsulta, erretiratuendako lokala, zinea, kafetegia eta nagusiendako eguneko zentroa egingo dituzte. Aurreproiektuaren arabera, bi solairu izango ditu gizarte etxe berriak eta lehenengo solairua bigarrena baino handiagoa izango da. Hala, lehenengo solairuaren teilatuan berdegunea jarriko dute.

Lehen maristen eraikina zegoen lekuan, berriz, etxebizitzak egingo dituzte. Baina, lehengo eraikina zegoen noranzkoan beharrean, errekaren paralelo eraikiko dituzte etxeak, Beheko auzoko eta Eguzki auzoko etxeen artean. Etxebizitza batzuk Udalak babestutakoak izango dira; beste batzuk, ordea, ez. Oraindik ez dakite zenbat etxebizitza egingo dituzten. Etxebizitzen azpian garajeak egingo dituzte, bi solairutan. Beheko auzoko kirol kantxaren azpian orain dauden garajeak bota egingo dituzte. 175 garaje egingo dituzte guztira eta horietatik 50 publikoak izango dira; parking moduan erabiliko da.

Datorren urtean hasteko

Hau, baina, aurreproiektua besterik ez da oraindik eta arkitektoak proiektua egiten ari dira. Udaleko arduradunek uste dute urtebete barru-edo gizarte etxea eta etxebizitzak egiteko lanekin hasteko moduan egongo direla.

Udalak kiroldegia egiteko asmoarekin ere aurrera jarraitzen du. Zupide baserriaren ondoko zelaian egin nahi dute kiroldegia. Orain, Udalaren asmoa da lehenbailehen zelai horretako lursailak erostea, gero kiroldegia egin ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak