Zapatuan, hilak 19, zabalduko dute Mairuaren Alardearen gaineko erakusketa Olaran etxean, eta zabalik egongo da datozen bi asteburuotan. Zapatuetan, 18:30etik 20:00etara; domeketan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara. Erakusketa horretan Alardearekin lotutako material ugari jarriko dute ikusgai: alardeen gaineko informazioa, dokumentuak, argazkiak, bandera, alardeko pertsonaien jantziak... Bideo bat ikusteko aukera ere egongo da, Olaranen bertan.
Helburua, alardea indartzea
Maiatzean aurkeztu zuten Mairuaren Alardearen Elkartea; elkarte horren helburua da Antzuolako jai horri indarra ematea. Horretarako, euren zereginetako bat izango da alardea ezagutaraztea, herritarren zein kanpotarren artean. Testuinguru horretan kokatu behar dugu erakusketa hori. Bestalde, mahai bat jarriko dute erakusketan bertan, elkarteko kide izan nahi dutenek edo alardean parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten.