Goretti Fernandez: "Datozen asteotarako hainbat ekintza antolatu ditugu gaztetxoekin batera"

Maiatzean zabaldu zuten gaztetxoendako lokala Errekalden. Ordutik, herriko hainbat gaztetxok dihardute hantxe, ekintzak antolatzen eta parte hartzen. Hiru begirale dituzte, Goretti Fernandez tartean.

Zer moduz doa lokalaren funtzionamendua?

Pixkanaka-pixkanaka, geroago eta hobeto doa. Gaztetxoen artean ahoz aho zabaltzen ibili gara lokalaren gaineko informazioa; baina, egia esan, ez da erraza. Gurasoekin batzarra ere egin genuen, lokalaren gaineko informazioa emateko.

Zein adinetako gazteei dago zuzenduta gaztetxoen lokal hau?

Berez, 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei; bi urteko aldea besterik ez duten arren, 12 urtekoek nahi dutena eta 14 urtekoek nahi dutena ez da berdina, bakoitzak bere beharrak dauzka. Nagusienek, batez ere, egoteko toki baten beharra dute; gaztetxoenak, berriz, prest daude ekintzak antolatzeko eta ekintza horietan parte hartzeko. Gainera, gaztetxo askoren asmoa da gaztetxea zabaltzen dutenean, hara joatea.

Zela funtzionatzen du lokalak?

Hiru begiralek dihardugu gaztetxoekin lanean. Dena dela, eurak dira ekintzak proposatzen dituztenak, eta baita ekintza horiek antolatzen dituztenak ere. Gure lana da eurei laguntzea.

Zapatuetan, 16:00etatik 20:00etara zabaltzen dugu; gauez ez dugu oraindik zabaltzen, zarataren neurketen emaitzen zain gaudelako; baina, zabaltzen dugunean, 21:00etatik 23:00etara egongo da zabalik; domeketan, berriz, 16:00etatik 21:00etara.

Datozen asteotarako zer asmo dituzue?

Esan bezala, gure helburua da gaztetxoek eurek egitea proposamenak, eta ez guk esatea zer egin behar duten. Gauzak horrela, datorren hilabeterako plangintza bat egiten dugu gaztetxoekin batera. Alde batetik, herrian antolatzen diren jai eta ekitaldietan parte hartzea nahi dugu, eta bestetik, geuk ere ekintzak antolatzea. Datozen asteotarako, honakoak antolatu ditugu: oraingo zapatuan Urretxuko igerilekuetara joango gara eta domekan Usakora, bizikletaz; Kalebarrengo eta San Martzialgo jaietara ere joango gara; uztailaren 10ean eta 11n, Elosuko aterpetxera...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.