'Denondako kirol jaia' ospatuko da zapatuan frontoian

Aintzane Irizar 2004ko eka. 10a, 12:01
Zapatuan, hilak 12, Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta, XII. Denondako kirol jaia ospatuko dute. Urtero ibarreko herri ezberdin batek hartzen du topaketa hori antolatzeko ardura, eta aurten, Antzuolari egokitu zaio. Udal Pilotalekuan izango da, 10:30etik aurrera.

Ibarreko herri guztietatik etorriko dira zapatuko kirol jaira; guztira, Debagoieneko 60 bat ezindu fisikok eta psikikok hartuko dute parte.

Udal Pilotalekuan izango dira ekitaldiak, 10:30ean hasi eta 13:00ak arte. Boccia, slalom, goal-ball, badmintona, saskibaloia eta aerobica izango dira parte hartzaileek egingo dituzten kiroletako batzuk. Batzuk, ohiko kirolak dira; beste batzuk, berriz, ezinduei egokitutakoak. Eguerdi aldera, berriz, luncha izango dute parte hartzaileek eta euren senitartekoek.

Ibarreko Udaletako kirol teknikariak ibiliko dira antolakuntza lanetan, baita hainbat begirale ere. Mankomunitateak jarriko dizkiete autobusak parte hartzaileei Antzuolara etorri ahal izateko eta doakoa izango da zerbitzua.

Helburua, elkar ezagutzea

Debagoieneko Mankomunitateak hiru kirol jai antolatzen ditu urtero garai honetan, eta halaxe egin du aurten ere: egubakoitzean, hilak 11, erretiratuendako jaia izango da Aretxabaletan; zapatuan, ezinduena Antzuolan eta aurreko zapatuan, berriz, umeena egin zuten Oñatin.

Kirol jai horien helburua da ibarreko herri ezberdinetako jendeak elkar ezagutzea eta harremanak egitea; azken baten, ibarraren batasuna bultzatu nahi du Mankomunitateak, kirolaren bitartez. Bide batez, ondo pasatzeko aitzakia ederra ere bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak