Gazte mailako taldea, kopako txapeldun

Aintzane Irizar 2004ko mai. 25a, 12:15
Zapatu arratsaldean jokatu zuten kopako finala gazte mailako futbol taldeko mutilek. Beasainen izan zuten partidua, Amara Berri taldearen aurka; 2 eta 1 gailendu ziren antzuolarrak. Herritar mordoa izan zuten animatzen.

Zapatu iluntzean kopa eta guzti azaldu ziren Antzuolan gazte mailako futbol taldeko mutilak. Giroa ezinhobea zen. Ez zen gutxiagorako; izan ere, gazteen bigarren mailako Gipuzkoako kopa ekarri zuten etxera. 2 eta 1 irabazi zion Antzuolak Amara Berriri.

Andres Arbulu entrenatzaileak azaldu digunez, asko sufritu eta gero lortu zuten garaipena. Ondo hasi zuten partidua; laugarren minutuan sartu zuen lehenengo gola Aitor Godoyk. Handik gutxira, min hartu zuen, baina, jokatzen jarraitu behar izan zuen, taldekide bat baino gehiago zegoen eta min hartuta.

Bigarren zatiko hogeita hamabosgarren minutuan Amara Berrik berdintzea lortu zuen. Antzuolarrek, baina, ez zuten etsi, eta partidua amaitzeko bi minutu besterik geratzen ez zirenean, Aitor Godoyk berak sartu zuen Antzuolaren bigarren gola, partidua irabazteko balio izan zien gola, hain zuzen ere.

Honako hauek osatu dute aurtengo denboraldian gazte mailako futbol taldea: Aitor Godoy, Eneko Mujika, Ekaitz Olalde, Imanol Lizarralde, Luis Franco, Auritz Guridi, Ibon Urzelai, Iñaki Arbulu, Mikel Idiakez, Txomin Alberdi, Unai Madariaga, Josu Asensio, Ander Cabrera eta Mikel Irizar bergararrak.

Kopan, bikain ibili dira

Denboraldia ez zuten batere ondo hasi antzuolarrek. Liga eskasa egin zuten. Urtarrilean amaitu zuten liga, eta euren taldean, azkeneko postuan geratu ziren. Jokatu zituzten hamabi partiduetatik zazpi galdu zituzten, bi berdindu eta hiru besterik ez zituzten irabazi. Guztira, 20 gol sartu zituzten eta 29 gol jaso.

Gauzak horrela, ez zuten igoera faserako sailkatzeko aukerarik izan, eta kopa jokatu behar izan dute aurten. Kopa jokatzen hasi orduko, zeharo aldatu ziren gauzak gazteendako. Azkeneko hilabeteotan guztiz aldatu zaizkie gauzak antzuolarrei. Jokatu dituzten hamabi partiduetatik bederatzi irabazi dituzte kopan, bi galdu eta bat berdindu dute. Hona hemen beste datu bat, ligako eta kopako partiduen arteko aldea ikusteko: kopan, 45 gol sartu dituzte antzuolarrek, eta 16 besterik ez dituzte jaso.

Alebinak gipuzkoako finalera

Gipuzkoako Txapelketako finalerako sailkatu da Antzuolako alebin mailako futbol taldea. Eskola arteko txapelketa jokatzen dute alebinek.

Zapatuan, Estalan jokatu zuten finalerdiko partidua Iraurgi taldearen aurka; 4 eta 3 irabazi zuten antzuolarrek. Oso partidu parekatua eta lehiatsua izan zen, baina, azkenean, euren nagusitasuna erakusteko aukera izan zuten etxekoek.

Oraingo asteburuan jokatuko dute finaleko partidua antzuolarrek. Irabazten badute, herriko bi talde izango ditugu Gipuzkoako txapeldun, gazteak eta alebinak, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak