Erregional mailako taldeari jardunaldi bakarra geratzen zaio

Aintzane Irizar 2004ko api. 30a, 15:04
Kadete mailako futbol taldeak aurreko asteburuan bukatu zuen denboraldia. Erregional mailakoari, berriz, jardunaldi bakarra gelditzen zaio. Datorren asteburuan jokatuko dute erregionalek denboraldiko azkeneko partidua, Lengokoak taldearen aurka.

Derby batekin bukatu zuen denboraldia kadete mailako futbol taldeak, aurreko asteburuan; 6 eta 2 galdu zuten Bergararen aurka.

Igoera faserako sailkatu ez, eta kopa jokatu dute kadeteek; euren taldean azkeneko postuan geratu dira antzuolarrak. Hamar partidutik bi irabazi dituzte eta gainerakoak galdu.

Nagusiak denboraldia amaitzear

Antzuola Kirol Elkarteko talde nagusiak, berriz, datorren asteko asteburuan bukatuko du denboraldia. Lengokoak taldearen aurka jokatuko dute aurtengo denboraldiko azkeneko partidua.

Ligan ondo ibili zen erregional mailako taldea; horrela, igoera faserako sailkatu ziren. Bigaren fase honetan, baina, ez dira hain fin ibili antzuolarrak: jokatu dituzten hamahiru partiduetatik bi besterik ez dituzte irabazi; zazpi galdu egin dituzte eta lau berdindu.

Gauzak horrela, ez dute igoera lortzeko aukerarik izango. Azkenean, euren taldean, seigarren postuan geratu dira. Aurreko asteburuko partiduan, azkenaurrekoan, taldeko liderraren aurka jokatu zuten, Idiazabalgo taldearen aurka, hain zuzen ere, eta 5 eta 0 galdu zuten.

Gazteak eta neskak

Gazte mailako taldeari, bestalde, hiru jardunaldi geratzen zaizkio oraindik aurtengo denboraldia amaitzeko. Hauek ere, kadeteak bezala, igoera faserako sailkatu ez, eta kopa jokatu dute. Euren taldeko lehen postuan daude, 22 punturekin. Jokatu dituzten bederatzi partiduetatik zazpi irabazi dituzte, bat galdu eta beste bat berdindu.

Oraingo asteburuan jokatuko dute hurrengo partidua Irunen, Behobia taldearen aurka. 15:30ean izango da partidua, zapatuan. Bosgarren postuan dago Behobia taldea, 9 punturekin. Hamar partidutik zazpi galdu egin dituzte irundarrek.

Neskek ere ez dute oraindik denboraldia amaitu; bi jardunaldi geratzen zaizkie. Hauek ez dira gazte mailakoak bezain ondo ibili. Dena dela, kontuan hartu behar da aurtengo denboraldirako sortu zutela taldea eta hasiberriak direla.

Txapeldunen ligarako ez zuten sailkatzerik izan eta kopa jokatu dute. Kopako fasean sei partidu jokatu dituzte: bost galdu dituzte eta bat berdindu. Oraingo asteburuan etxean jokatuko dute Elgoibarren aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak