Inguru hori Manitxa edo Manitxape moduan izan da ezaguna herrian; adosatutako etxe horiek egiteko sortu zuten elkarteari Petxanima izena jarri zioten, Manitxaperi buelta emanda. Hala ere, Euskaltzaindiak esan du Manitxa izenaren jatorria dela Mañarieta eta izen horixe jartzea erabaki dute.
Udalak emandako beka bati esker, herriko toponimiaren gaineko azterketa egiten dihardu Kristina Pavok; ikerketa horretan, Euskaltzaindiaren aholkularitza zerbitzuaren laguntza dauka. Hori aprobetxatuta egin da kale berriari izena jartzeko azterketa ere.
Egunotan jaso dituzte etxebizitzetako giltzak jabekide gehienek; ingurua urbanizatzea besterik ez da geratzen, kale berria bukatzeko eta bizilagunak hara bizi izatera joateko.
Laster, San Jose azpiko etxeak
San Jose azpian egiten diharduten etxeek ere kale berria osatuko dute laster, eta horri ere izena jarri beharko zaio. Udalak oraindik ez du izenik erabaki, baina, eskuartean dituzte Euskaltzaindiaren hainbat proposamen: Soroaundixa eta Kaminpe izenak, hain zuzen ere.