Merkataritzan euskara bultzatzeko kanpaina jarri du abian Idolazek

Egunotan herriko denda eta komertzioetan txarteltxo batzuk banatuko dituzte Idolaz euskara elkarteko kideek. Horrela, kanpaina bat abian jarri nahi dute, komertzioetan ere euskararen erabilera bultzatzeko. Hemen be euskeraz ein zeinke izango da leloa.

Egun batzuk barru, Hemen be euskeraz ein zeinke dioten txarteltxoak ikusi ahal izango ditugu herriko komertzioetan. Idolaz euskara elkarteak abian jarritako ekimena da. Merkataritzan euskararen erabilera bultzatzea da ekimen horren helburua.

Euskararen erabilera, askotan, ohitura kontua izaten da. Horregatik, Idolazekoek nahi dutena da komertzioetan izaten ditugun harremanetan, euskara erabiltzeko ohitura hartzea, bai erosleok, bai merkatariek.

Bestalde, sukaldaritza eta antzerki ikastaroa antolatzen ere badihardute Idolazekoek. Oraindik datarik zehazteke duten arren, sukaldaritza ikastaroa laster egingo dute. Irailean talde berria hasi zen lanean Idolazen.

Merkataritzan euskara bultzatzeko antolatu duten ekimen hau izan da kalera begira egin duten lehendabizikoa; baina, badirudi, aurrerantzean ere lanean segitzeko gogoz direla, eta beste hainbat ekimen, ekitaldi eta ikastaro antolatuko dituztela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.