Zapatuan antzuolarrek Independentzia Eguna ospatu zuten. Izan ere, duela 374 urte lortu zuen Antzuolak herri independentzia, 1629an, hain zuzen, Bergararekin zuen elkartzea apurtu eta gero.
Independentzia Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu zituen Antzuolako Gazte Asanbladak. Lehenengo urtea da, gainera, Gazte Asanblada jaia antolatzeaz arduratzen dena; orain arte Independentzia Eguneko batzar bat arduratu izan da-eta. Aurten, beraz, berrikuntza askorekin etorri da antzuolarren Independentzia Eguna, hura ospatzeko elkartu ziren gazteek esan ziguten moduan.
Goizetik gauera
Eguerdiko ordu batean hasi zen ospakizuna Antzuolako trikitilarien laguntzaz egindako triki-poteoarekin. Ehun lagun elkartu ziren, gehienak Antzuolako gazteak, baina bazegoen baita inguruko herrietako lagunen bat edo beste ere. Trikipoteoaren ondoren, guztiek batera bazkaldu zuten frontoian, eta antolatzaileek sorpresa ederra zeukaten pestatuta bazkal osterako.
Bazkariko giroari eusteko hainbat ikuskizun izan ziren frontoian bertan. Sekulako erritmoa eman zieten horiek jaiari eta jendea ere oso animatuta zegoen.
Bazkalosteko sorpresa
Lehendabizi, Antzuolako Oin Arin dantza taldeak emanaldi labur bat egin zuen. Jarraian, Urretxutik etorritako gazteek hartu zuten errelebua. Txalapartariak izan ziren lehenak. Urretxutik etorrita baita ere Batukada perkusio taldeak jo zuen, bazkalostean erritmoa jartzeko. Eta horren ondoren, bertan bildutako guztiak aho zabalik utzi zituen sorpresa: Pepi eta Iraia gitarra jotzera eta abestera taula gainera irten ziren Urretxuko Batukada taldearen laguntzaz.
Parrandak gau osoan iraun zuen Trikizioa taldeak Zurrategi plazan eskainitako erromeriarekin.
Antzuolarren nortasuna
Oso egun garrantzitsua da antzuolarrentzat. Bertan bildutakoek esan ziguten moduan, garrantzitsua da herritar guztientzat herri nortasun propioa izatea. Orain dela urte gutxi arte ez zaio Independentzia Egunari garrantzi handirik eman herrian, baina gero eta gehiago dira herriaren independentzia eguna ospatzea merezi duela uste dutenak. Egun berezia da antzuolar guztientzat, batez ere gazteentzat. Hurrengo urtean berriz elkartzeko asmotan amaitu zuten eguna.