Martxoaren 1etik aurrera, Bergarara joateko autobus zerbitzu berezia

Julen Iriondo 2004ko ots. 20a, 12:56
Batez ere eskolaz kanpoko ekintzetara joaten diren umeengan pentsatuta, baina oro har herritar guztientzako, autobus zerbitzu berezia jarri du Bergarara Antzuolako Udalak. Diputazioarekin eta Pesarekin akordioa lortu du horretarako.

Antzuolako Udalak akordioa lortu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Pesa autobus konpainiarekin. Diputazioaren dirulaguntzarekin Pesak autobus zerbitzu berezia jarriko du herritik Bergarara joan eta Bergaratik herrira itzultzeko. Antzuolako gurasoen aspaldiko aldarrikapena beteko da horrela: gurasook salatzen zuten euren umeek eskolaz kanpoko ekintzetara Bergarara joan behar eta, behar besteko autobus zerbitzurik ez zegoenez autoarekin joan-etorrika ibili behar zutela.

Herritar guztientzat

Zerbitzu berria, beraz, eskola-umeengan pentsatuta jarriko dute. Dena dela, gainerako herritarrek ere erabili ahal izango dute. Bestalde, haurrek ikasturte osorako bono-txartela eskuratzeko aukera izango dute: udaletxera joan beharko dute horretarako, otsailaren 25ean, 26an edo 27an. Gainerako herritarrentzat ere udaletxean egongo dira salgai bono-txartelak: hauek 10 bidaiarako balioko dute. Bono-txartelarekin bidaia bakoitzak 90 zentimo balioko ditu, bestela, berriz, euro bat.

Zerbitzua astelehenetik ostiralera bitartekoa izango da, eskola egunetan bakarrik, eta Bergarako jaietan ez da autobusik izango. Hauxe da ordutegia:

  • Bergara-Antzuola (Ibargaraitik): 16:30, 17:05, 17:50, 18:35, 19:20, 20:00, 21:00.
  • Antzuola-Bergara (Antiguatik): 16:45, 17:30, 18:15, 19:00, 19:40, 20:20, 21.20.

Zerbitzua martxoaren 1ean hasi eta ekainaren 18an amaituko da. Dena dela, Antzuolako Udalak nahi du emaitza onak ematen baditu datorren ikasturtean ere ematea zerbitzu hau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak