Txorikua etxea laster eraitsiko dute, Kalegoi eta Sagasti lotzeko

Joan den egubakoitzean sinatu zituzten eskriturak Udalak eta Txorikua etxeko jabeek; oraingo astean, berriz, etxea eraisteko proiektua onartzekoak ziren. Gauzak horrela, Udalaren asmoa da lehenbailehen etxea eraitsi eta Kalegoi eta Sagasti lotzea.

Behin Txorikua etxea eraisten dutenean, Sagasti auzunea eta Kalegoi lotuko dituen bidea zabalduko dute. Behin behinekoa izango da, momentuz, bide hori, baina, trafikoari irtenbide berri bat eman ahal izango zaio.

Talleres Antzuola zegoen eraikina ere eraisteko asmoa zegoen. Azkenean, baina, zutik mantenduko dute; hori bai, barrutik hustu eta guztiz eraberrituko du enpresa eraikitzaile batek.

Buztinzurik itxita jarraituko du

Buztinzuri kalea ez dute oraindik zabalduko. Izan ere, azkenaldian egin duen eguraldi txarrak hainbat arazo sortu dizkie. Dena dela, aurrera doaz lanok eta laster zabaltzea espero dute.

Zirkulazioan, aldaketa ugari

Kalegoi eta Sagasti lotuko dituen errepidea egiten dutenean, Buztinzuri kalea norabide bakarrekoa izango da. Gainera, Udalaren asmoa da etorkizunean oinezkoendako bakarrik izatea herriko plaza eta Buztinzuri, asteburuetan. Automobilak Sagastitik ibili beharko dira. Horrela, oinezkoei eman nahi zaie lehentasuna. Gainera, Buztinzuri norabide bakarrekoa izatearekin, zirkulazio arazo garrantzitsua konponduko da, kale hori estua da eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.