Kiroldegiaren aurreproiektua eginda dago

Aintzane Irizar 2004ko urt. 28a, 19:23
Orain dela bi aste Jose Angel Zabalo alkateak aurkeztu zituen proiektuen artean, kiroldegi berriarena azaldu zien herritarrei. Kiroldegiaren aurreproiektua eginda dute dagoeneko; behin-betiko proiektua, baina, oraindik ez dakite noiz egingo duten.

Aurkeztutako proiektuen artean, kiroldegiarena izango da, seguruena, lehenengo aurrera eramango dutena; izan ere, gaur egungo frontoia bota eta han etxebizitzak, erretiratuen egoitza, anbulatorioa eta abar egin ahal izateko, lehendabizi, kiroldegia egin beharko dute. Dena dela, Izartu programako dirulaguntzen menpe dago proiektu hori, gainerako guztiak bezala. Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko dizkio Udalak lehengoan jendaurrean aurkeztutako proiektuak, eta horiek Izartu programan onartzea espero dute.

Aurreproiektua eginda

Kiroldegi berria izango denaren aurreproiektua dagoeneko eginda dago; proiektua noiz egingo duten, baina, oraindik ez dakite Udaleko arduradunek. Ingenieria XXI enpresak egin du aurreproiektua.

Gutxi gorabehera, Udalaren asmoak zeintzuk diren ikusten da aurreproiektu horretan. Dena dela, proiektua egiteko, herriko kirol taldeetako arduradunekin berba egin eta euren iritziak ere hartuko ditu kontuan Udalak.

Kirol gehiago egiteko aukera

Kiroldegi berria izango den eraikinak, bi zati izango ditu, bi mailatan eraikita: maila altuenean, frontoia, gimnasioa, aldagelak eta abar egitea aurrez ikusten da. Beheraxeago, berriz, hainbat kiroletarako pista: eskubaloia, saskibaloia, areto futbola... Eraikinaren bigarren zati horrek, teilatu laua edukiko du; horrela, gaineko aldean, adibidez, tenis pistak egiteko aukera egongo litzateke.

Igerilekurik ez

Kiroldegiaren aurreproiektuan, baina, ez dute igerilekurik aurrez ikusten. Dena dela, igerilekua egiteko aukerarekin “koherentea” den eraikina izango dela azaldu digute Udaleko arduradunek. Hots, etorkizunean igerilekuak egiteko aukera ematen duen eraikina izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak