Hainbat proiektu aurkeztu ditu alkateak jendaurrean

Aintzane Irizar 2004ko urt. 15a, 15:09
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri diputatu nagusia alboan zuela, Udalak datozen urteetarako aurrez ikusten dituen hainbat proiektu aurkeztu zuen Jose Angel Zabalo alkateak eguazten arratsaldean. Tartean, baita orain arte ezagutzen ez genituen proiektuak ere.

Eguaztenean etorri zen Gipuzkoako diputatu nagusi Gonzalez de Txabarri Antzuolara. Eguerdian, Udaleko ordezkariekin elkartu zen; bazkalostean, herriko enpresetako ordezkariekin, eta arratsaldeko seietan, Jose Angel Zabalo alkatearekin batera, herriko hainbat proiektu aurkeztu zituen.

Aurkeztu zituzten proiektuetako asko ezagunak ziren; beste batzuk, baina, ezustean hartu zituzten herritar askok. Proiektu horietako gehienak, Jaurlaritzaren Izartu programari esker eraman ahal izango dituzte aurrera. Gainbehera datozen udalerriak suspertzeko laguntzak ematen ditu Jaurlaritzak, Izartu programaren bitartez. Ekonomia, gizarte edota nekazaritza arloan aurrera egiteko laguntzak dira Jaurlaritzak ematen dituen horiek. Izartu programaren diru-laguntzen bigarren deialdia egingo du oraintxe Eusko Jaurlaritzak; hil honetan bertan aurkeztuko dute Izartu programa, Bilbon.

Proiektu garrantzitsuak

Proiektu ugari eta garrantzitsuak aurkeztu zituen alkateak datozen urteetarako. Guztira, zortzi proiekturen berri eman zuen Zabalok. 7.200.000 bat euroko aurrekontua dute proiektuok. Erdia Izartuk finantzatuko duen arren, beste erdiari aurre egiteko gai ez da Udala. Horregatik, proiektu horietako bat da Udalak etxebizitzak egin eta saltzea, gainerako proiektu guztiak aurrera eraman ahal izateko.

  • Frontoia bota eta etxebizitzak egin: Gaur egungo frontoia bota eta hantxe egingo dituzte etxebizitzok. Beheko solairu guztia (1.000 metro koadro) Udalaren esku geratuko da; hantxe egingo dituzte anbulatorioa, erretiratuen egoitza, eguneko zentroa, etxebizitza tutelatua eta gimnasioa.
  • Kiroldegia: Frontoia botako duten arren, ez gara, baina, frontoirik gabe geratuko herrian; izan ere, bigarren proiektu bat da Zupide eta Iriarte artean kiroldegia egitea. Hantxe egingo dute frontoia ere.
  • Gizarte Etxea: maristen eraikina zegoen tokian egingo dute eta bi solairutakoa izango da. Gaztetxea, zinema, liburutegia eta abar egongo dira han. Gainean, beste hiru solairutan, Udalak babestutako hamabost etxebizitza egingo dituzte.
  • Uzarraga-Lizarraga errepidea: Uzarragako errepidea hartzen den zubitik Elay lantegira errepidea egingo dute. Horrela, lantegi horretara doazen kamioiek, bereziki, herri barruan sortzen dituzten arazoak saihestuko dira.
  • Bidegorriak: Etxezuri parean hasi eta Bergara aldera, bide zaharretik jarraituko du bidegorrietako batek, handik Lapur zubiraino, Galartzara, Iturriotzera eta Uzarragako bidetik behera. Beste bidegorria, berriz, Ibarre baserrian hasi, handik Kaxetara, trenbidetik Garaikoraino, eta San Blasetik Egurribairaino jarraituko du.
  • Baserrietara ura eramatea: Nekazal inguruan hainbat gabezia daude; horietako bat da edateko urarena. Horrela, baserrietara ura eramateko proiektua egingo du Udalak. Horretarako, iturburuetako ura erabiliko dute. Horrekin batera, baita baserrietako ur zikinak kolektorera eramateko azpiegiturak ere.
  • Alde zaharra eraberritzea: Alde zaharreko kaleak peatonalizatuko dituzte. Hasi dituzte dagoeneko lan horiek, Buztinzurin. Kalegoi, Kalebarren, plaza eta abar ere peatonalizatuko dituzte. Lan horiekin batera, lur azpitik doazen hoditeriak eta bestelako azpiegiturak ere berrituko dituzte.
  • Haurreskola Partzuergoa: Haurtzaindegia egiteko hainbat gastu Udalak ordaindu beharko ditu.

Gai honen gaineko iritzia emateko aukera duzu Goiena.net-eko eztabaidan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak