Gabonetan, ekitaldi ugari

Gabonak gainean ditugu eta eurekin batera hainbat ekitaldi. Hilaren 24an lau kalejirak alaituko dituzte Antzuolako kale eta baserriak. Ondorengo egunetan ez da izango aspertzeko denborarik, umeendako jolas parkea eta zenbait kirol ekintza antolatu dituzte eta.

Gabon egunean, ohitura den bezala, hainbat kantu kalejira egingo dituzte herriko talde ezberdinek.

Herri Ikastetxeko umeak goizean elkartuko dira, guztiak baserritar jantzita, eta herriko kaleetan zehar kantuan ibiliko dira. Aurten, Antzuolako Gazte Asanbladako lagunak ere irtengo dira Gabon eskean. Goizean goiz abiatuko dira eta baserriz baserri ibiliko dira kantuan.

Arratsaldean beste bi kalejira egingo dituzte, bata presoen aldekoa eta bestea herriko abesbatzarena.

Kirol ekintzak

Abendu amaierako egunetan bi kirol ekintza antolatu ditu Antzuolako Kirol Elkarteak, Gazteen aretoko futbol txapelketa eta Xabier Barkero torneoa.

Gazteen Aretoko futbol txapelketa hilaren 26a, egubakoitza, eta 28, domeka, bitartean jokatuko dute pilotalekuan. Xabier Barkeroren omenezko torneoa, aldiz, Estalan egingo da, abenduaren 26 eta 27an.

Umeendako, jolasparkea abenduaren 29an

Umeak Gabon oporretan asper ez daitezen hilaren 29an jolas parkea izango da pilotalekuan. Hiru puzgarri eta buru hausgarriak egongo dira. Goizean 11:00etatik 13:00ak arte egongo da zabalik jolas parkea, eta arratsaldean 16:00etatik 19:00ak arte. Buru hausgarriak birziklatutako materialarekin egindako jolasak dira. Horiek eta puzgarriak Jokulandia taldeak ekarriko ditu, eta begiraleak ere talde horretakoak izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.