Talleres Antzuola eta Txorikua erautsiko dituzte

Buztinzuriko urbanizazio lanak Gabon osterako amaituta egongo direla uste du Udalak. Talleres Antzuola zegoen eraikina eraitsi egingo dute. Lan hori kalea itxita dagoen bitartean egiteko eskatu dio Udalak horren ardura duen enpresa eraikitzaileari.

Buztinzuri kaleko urbanizazio lanak bizkor egiten ari dira eta Udalak espero baino lehenago amaituko dituzte. 2004 hasierarako bukatuak egongo dira. Horrekin batera, Talleres Antzuola eta Txorikua eraitsi egingo dituzte.

Talleres Antzuola botatzeko asmoa dagoenez, lan hori Buztinzuri itxita dagoen bitartean egiteko eskatu dio Udalak eraikinaren jabe den enpresa eraikitzaileari. Orain erausten ez bada, hori egiterakoan segurtasun neurri handiak hartu beharko direla dio Udalak, eta ez dago kalea berriz ixteko prest.

Sagasti eta Kalegoi lotu

Txorikua etxea ere eraitsi egingo dute. Hala, Kalegoi eta Sagasti elkartuko dituen errepidea egingo da. Erabaki hau aspaldi hartu zuen Udalak, baina akordua lortzea falta zen. Oraindik zerbait zintzilik dagoen arren, Buztinzuriko lanak amaitzen dituztenerako Txorikua botatzea nahi du Udalak.

Herri barruko zirkulazioa guztiz aldatuko da lan hauek amaitzean. Orain itxita dagoen zatia autoendako norabide bakarrekoa izango da. Gainera, asteburuetan oinezkoendako bakarrik zabaldu nahi ditu Udalak herriko plaza eta Buztinzuri. Honekin oinezkoei emango zaie lehentasuna eta autoak Sagastitik ibili beharko dira. Hala ere, plazan eta Buztinzurin bizi direnek izango dute autoak atera eta sartzeko aukera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.