Jose Francisco Amiama: "Etxean, kide guztiek parte hartu beharko lukete"

Eneida Iturbe 2003ko aza. 28a, 10:47
Martitzenean, abenduak 2, Familia ardurakizuna: nola bultzatu kooperazioa eta ardura seme-alabengan programa aurkeztuko dute Eskolan. Programa honen helburua guraso talde bat sortu eta familia ardurakizunaren inguruko ikastaroa egitea da. Isabel Bartau programaren sortzaile eta bultzatzaileak eta Jose Francisco Amiama saioak zuzenduko dituen psikopedagogoak egingo dute hitzaldia. Gu Jose Franciscorekin izan gara.

Zertan datza aurkeztuko duzuen programa?

Isabel Bartauk eta Juana Magantok egindako ikerketa batean oinarritzen da programa. Familia ardurakizuna landu dute eurek, eta orain, Gipuzkoako hogei herritan gurasoak gai horren inguruan prestatzeko eskolak antolatuko ditugu. Antzuolan guraso taldea sortuz gero, nik zuzenduko ditut saioak. Programa oso berria da, baina guraso eskoletako dinamika dauka eta honetan gero eta esperientzia handiagoa dago.

Zer da familia ardurakizuna?

Ardurakizuna erantzukizuna da, baina etxeko guztiok izanda erantzukizuna. Programa horrek bi puntu interesgarri ditu: kooperazioa eta ardura. Familia baten denok parte hartu behar dugu. Garai baten aitak agintzen zuen eta besteek, hark esandakoa egin. Egun, beste era batean ulertzen dugu hori. Lehen, esanekoa izatea zen garrantzitsua. Orain, txintxo izate hori ez da nahikoa; ardura eta autonomia izan behar dute umeek. Gurasook dinamika berri batera ohitu behar dugu. Horregatik gero eta garrantzitsuagoak dira guraso eskolak.

Nolakoa izango da saio bat?

Astean behin bi orduko saioa izango dugu. Parte hartzekoak izango dira horiek; izan ere, hausnarketak izango du garrantzia. Irakurtzeko materiala dago saioa nondik norakoa izango den jakiteko, baina gero, taldean horretaz hitz egiten da. Ariketen bidez, praktikan jarriko ditugu esandakoak. Helburua han ikasitako estrategiak etxera eraman eta probatzea izango da.

Saioak zein hizkuntzatan egingo dituzu?

Taldearen arabera erabakiko da hori. Guztiek euskaraz badakite, euskaraz egingo ditugu.

Zer esango zenieke gurasoei parte har dezaten?

Atsegina izango dela eta gogoeta egiteko balioko diela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak