Maria Jesus Iturbe: "Badirudi datorren ikasturterako 0-3 zikloa jarriko dugula Herri Ikastetxean"

Eneida Iturbe 2003ko aza. 18a, 14:06
Pausoka Antzuolako Guraso Elkarteak asanblada egingo du datorren martitzenean, hilak 25, 18:30ean eta juntaren erdia aldatuko da. Maria Jesus Iturbe Pausokako lehendakariarekin egon gara urtearen errepasoa egiteko.

Bi urte egin dituzu Pausokan, azkena lehendakari lanean, gustura ibili zara?

Oso gustura. Guraso juntan egoteak normalean jakiten ez dituzun gauzak ezagutzen eta egiten diren ekimenak gehiago baloratzen laguntzen du. Garrantzitsua da gurasoentzako eskolarekin harreman zuzena izatea. Zure parean suertatu diren gauzak baloratzeaz gain aurretik egin direnak eta ondoren etorriko direnak ere baloratzen dituzu.

Haurtzaindegia jartzeko proiektuan lanean aritu zarete.

0-3 zikloaren inguruan asko hitz egin da azken bi urte hauetan. Badirudi datorren ikasturterako jarriko dugula. Momentuz, prozesu bat dago, lehentasun batzuk daude. Antzuolako eskolari, berez, datorren ikasturtean tokatzen zitzaion horretan lanean hastea. Baina bai Udala eta bai eskola eta gurasoak tematu egin ginen eta tokatzen zitzaiguna baino lehenago deitu gintuzten. Aurreproiektu a aurkeztu genuen, orain erantzunaren zain gaude. Hau onartzen bada proiektu ofiziala aurkeztuko da eta Udalaren esku geratuko da aurrera ateratzea. Eskolan ez dago espazio nahikoa eta beste eraikin bat egingo da patioaren atze aldean.

Eskolako jangelak urtebete darama martxan, ongi funtzionatzen du?

Zerbitzu oso garrantzitsua da gurasoentzako, batez ere lanean ari garenontzako. Abantaila asko ekar ditzake, baina eztabaida handia ere egon da, umeek ordu asko ematen baitituzte eskolan. Hasieran, legalki, monitore bakarra tokatzen zen jangelarako, baina bigarren baten beharra ikusi genuen eta hala egin zen. Oraindik gauza asko daude hobetzeko, adibidez talde bat jangela apaintzen ari da, goxotasuna emateko. Adi egon behar da, jarraipena egin, gauzak hobetzen joateko.

Asanbladan zer erabakiko da?

Egin denaren deskargua egingo dugu eta aurrera begira dauden erronkak ikusi. Urtero bezala, juntaren erdia aldatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak