Udala, gazteen beharrak aztertzen

Usoa Agirre 2003ko aza. 12a, 14:22
Antzuolako zenbait gaztek ez dute asteburu arratsaldeak igarotzeko leku egokirik eta kaleko txokoren batean egoten dira lagunekin berriketan. Udalak gazte horien beharren inguruko hausnarketa egingo du, irtenbidea aurkitzeko helburuarekin.

Antzuolako gazteen egoera ikertzeaz Txatxilipurdiko kideak arduratuko dira. Arrasate Euskaldun Dezagun erakundeko haur eta gazte ekintzak egiten dituen taldea da Txatxilipurdi. Hausnarketa bi hilabetean eginda egotea espero du Udalak. Ondoren diagnostikoa egingo dute eta, gero, lanean hasi.

Gazte-txokoa

Udalak 12tik 17 urte bitarteko gazteak eta hortik gorakoak bereizten ditu. Lehenengo taldeak lokal edo txoko baten behar handiagoa duela eta nagusiagoek, aldiz, beste aukera batzuk dituztela uste du. Txatxilipurdiren lana 12-17 urte bitartekoen beharrak ezagutzea izango da, beraz. Ziurrenik, ondoren, horiendako txoko bat antolatuko dela dio Udalak, “gazte txoko” baten antzekoa.

AGA-k udalarekin batzarra izan du

Antzuolako Gazte Asanbladako kideek Udalarekin batzarra izatea eskatu zuten, gazteen inguruko egoera nola dagoen jakiteko. AGAko ordezkari batzuk alkatearekin elkartu ziren eta hark Udalaren asmoak azaldu zizkien. Udalaren asmoek 18 urtetik gorako gazteak kanpo uzten dituela kritikatu du AGAk: “Ematen zaigun aukera bakarra tabernetara edo herritik kanpo joatea da”. Gazteagoek egoteko leku baten behar handiagoa dutela uste dute eurek ere, baina nagusiagoak ere herrian geratzea bultzatu behar dela pentsatzen dute.

Ekimenak martxan jarriko dituzte

AGAk uda osteko lehen batzarra izan zuen pasa den zapatuan. Orain, sarriago elkartu eta hainbat ekimen martxan jartzeko asmoa dute. Euren helburua eurek gestionaturiko gaztetxea lortzea da. Udalak AGArekin harremanetan jarraitzeko asmoa duela adierazi dio KONTUOLAri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak