Marina Reinoso: "Umeekin lanean jardun dut Caracasen, Jaurlaritzaren programa baten barruan”

Hiru hilabetez Caracasen (Venezuela) egon da Marina. Umeekin jardun du Gizarte Langile moduan lanean, Atenea fundazioan. Bizi izan duen esperientziaren gainean jardun dugu Marinarekin.

Zela sortu zitzaizun Venezuelara joateko aukera?

Jaurlaritzaren Euskal Gazte Kooperanteak programaren bitartez joan nintzen. Sentsibilizazio programa bat da, eta helburua da gazteok herrialde ez garatuetako egoerarekiko sentsibilizatzea.

Ni Gizarte Langilea naiz, eta aurreko ikasturtean Nazioarteko Garapen eta Kooperazioko graduondoko ikasketak egin nituen; ikasitako teoria guztia praktikan jartzeko gogoa neukan. Horrela, Jaurlaritzak eskaintzen zuen programa hau aukera ona iruditu zitzaidan. Gainera, herrialde ezberdin bat, kultura ezberdin bat eta jende ezberdina ezagutzeko aukera ona zen.

Zein izan da zure lana han?

Hiru neska joan ginen Caracasera, eta Atenea fundazioak hiriburu horretan duen egoitzan lan egin dugu. Ateneak arrisku egoeran dauden umeekin lan egiten du eta 60 ume ditu bere kargura. Ume horiei jaten eman, arropak eman, eskolatu eta zaindu egiten ditu fundazioak. Ume horietako batzuk umezurtzak dira, beste batzuk tratu txarrak jasan dituztenak, badira egoera ekonomiko larriagatik gurasoek zaindu ezin dituztenak ere; denetik dago. Hemendik joan ginen hiru neskon lana zen laguntza psikosoziala eskaintzea. Azken baten, gure lana zen ume jakin batzuen egoeraren jarraipena egitea. Zerbitzu horretan Gizarte Langileak eta psikologoak geunden.

Zela baloratuko zenuke esperientzia?

Oso positiboa izan da; profesionalki lan esparru berri bat ezagutzeko aukera izan dut eta umeekin lan egiten ikasi dut. Baina, batez ere, pertsonalki izan da aberasgarria esperientzia hau. Gauzen ikuspegi zabalagoa izaten laguntzen dizu. Kontuan hartu behar da zeharo ezberdina dela herrialdea, bertako biztanleak, pentsatzeko era... Guzti horretara egokitu behar duzu eta horrek eragin handia izan du niregan.

Itzultzeko asmorik baduzu?

Venezuelara bertara ez, baina, beste herrialderen bat gustura ezagutuko nuke; esan bezala, oso aberasgarria iruditzen zait beste kultura batzuk ezagutzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.