Jose Luis Padron, idazlea: "Umeak beldurra galdu behar dio irakurtzeari, idazteari, sortzeari"

Aintzane Irizar 2003ko urr. 9a, 18:19
Gaur, egubakoitza, eskolako umeekin egotekoa zen Jose Luis. Antzuolaren gainean idatziz eta marraztuz arratsaldea ondo pasatzeko aukera izango dute neska-mutikoek. Euren irudimena lantzeko aukera paregabea.

Zer egingo duzue herriko umeekin antolatu duzuen tailerrean?

Antzuolako Gida oso berezia sortuko dugu. Beraien gertueneko inguruneaz daukaten ezagutza, haur ikuspegia eta sormena erabiliko dute bizi diren lekuan irudimenez betetako ibilbideak asmatzeko. Gida horretan, beti ere idazlearen eta margolariaren irudimenetik sortzen diren gogoeta, kale, eraikin, pizti, lorategi edota pertsonaia fantastikoak aurkituko ditugu. Antzuola herria lurralde berri eta ezagutu gabea bezala azalduko diguna.

Zein izan da tailer horren helburua?

Haurraren irudimenaren indar guztia sorkuntzaren altzoan biltzea. Ingurunea ikusteko duten modua eta hezkuntza bat egitea. Eta, batez ere, azpimarratzea, sorkuntza lana, pentsamendua eta artista sena lantzea, ez dela hutsaren hurrengoa, ez dela denbora alperrik galtzea. Idaztea edo marraztea, ekintza dibertigarriak ez ezik, amets egiteko modurik errazenak ere badirela erakustea, askatasun bideak, mundu eta gizarte berriak eraikitzeko oinarri sendo eta tranpa gabeak. Haurrak beldurra galdu behar dio irakurtzeari, idazteari, sortzeari.

Marrazkiak eta testuak egiten dituzte, baina irakurtzen al dute?

Haurrarengan idazteko gogoa pizten bada, irakurleak direlako da. Hasteko, idaztea irakurtzeko modu bat da. Beharbada, irakurtzeko modurik liluragarriena. Idaztea nor bere burua irakurtzea baita. Zeure oroitzapenak, zeure pentsamenduak, zeure beldurrak, zeure gogoak... irakurtzen dituzu. Horregatik, bereak balira bezala irakurtzen ditu haurrak liburuak, heldutasunerako bere bidaiaren nondik norakoak aurkitzen dituelako haiengan. Bestalde, gehien irakurtzen den garaia haurtzaroa dela uste dut. Euskal Herrian bakarrik ekoizten den haur literaturazko publikazio kopuruari kasu egitea baino ez dago, eta ohartzea euskal idazle ospetsuenak bereziki zaintzen duten generoa dela hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak