Zabaletak eta Ramirezek lider jarraitzen dute

Xabier Urtzelai 2011ko ekainaren 5a

Gorlako Igoerak jendetza batu zuen, berriro ere, igoerako kurba bakoitzean. Federazioak, eta antolatzaileek, zorrotz zaindu zituzten segurtasun neurriak eta kolperen bat edo beste egon bazen ere, oraingoan lasterketa bera izan zen protagonista, eta ez istripuak. Hala, atzoko saioak hainbat protagonista izan zituen; Zabaleta izan zen azkarrena, turismotan Ramirezek indartsu jarraitzen du, eta CM kategorian Iraola Nogueiras baino azkarragoa izan zen.

Aitor Zabaletak (Lola BMW) jaun eta jabe jarraitzen du Gorlan (02:33:47), etxean, eta baita Euskadiko Mendiko Sariko txapelketan ere. Eta, gauza bera esan genezake Aitor Ramirez (BMW 320 ST) oñatiarraren gainean ere, turismotan lehenengo (02:49:96). Eurak izan ziren eguneko protagonistetako batzuk, baina ez bakarrak.

Deigarria izan zen, beste lasterketa batzuekin alderatuz, Gorlan –eta joan den astean Aian– hartutako segurtasun neurriak. Udanako igoeran pasatakoaren ostean, zorrotz jarri dira federazioko ordezkariak, edo lehen baino zorrotzago. Zorroztasun horrek pilotuei ere eragin die, garbi adierazi dietelako ez dituztela onartuko alde batetik bestera derrapatzen joaten diren horiek, eta horrek ikusle batzuen haserrea sortu du. "Ikuskizunaren kontrako legeari ez", zioen pankarta jarri zuten Gorlako lehenengo paellan.

CM kategoriari dagokionez, Ruben Nogueiras eta Joseba Iraola izan ziren kategoria horretan nor baino nor gehiago. Entrenamenduko txandan Nogueirasek direkzioaren besoetako bat hautsi zuen, eta lehenengo txandan ezin izan zen irten. Hala, txanda bakarra eginda (02:47:18) bigarren postuarekin konformatu behar izan zen, Iraola azkarragoa izan zen-eta (02:46:95).

10 klasean Txus Jaio (02:57:23) azkar ibili zen, baina deigarria da igoeratan lehenengoz parte hartzen dabilen Ander Corcuerak (Vw Golf 1.8 GTI) lortutako bigarren postua, Jaiorengatik bi segundura.

Gainontzeko emaitzak, eta kronika zabala Asteleheneko Goiena paperean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak