Yerai Varela eta Rosi Talavera nagusi Otala Zelaiko krosean

Mirari Altube Arrese 2011ko maiatzaren 15a

Aurreko urteetan baino korrikalari gutxiago hurreratu dira 33. Otala Zelaiko herri lasterketara domeka goizean baina giro polita sortu da helmuga inguruan. 48 lagunek eman diote itzulia Urkulu urtegiari –8.410 metro– eta Yerai Varela oñatiarrak ez duela aurkaririk erakutsi du beste behin. Emakumezkoen artean Rosi Talavera nagusitu da Marisol Ramosen aurretik. Hemen duzue argazki galeria ikusgai.

Oñatitik etorritako hiru lagun, tartean Varela, lasterketa buruan jarri dira eta erritmo bizia jarri dute. Haien atzetik ibili dira gainerako lasterkariak, aurretik zihoazenekin gehiegi kezkatu barik. Ibilbidean aurrera egin ahala Varela banandu egin da taldetik eta helmugan ere ez du aurkaririk izan estutzeko.

Sei emakume bakarrik elkartu dira eta guztien artean nagusi Hendaiako Rosi Talavera izan da. Urteetan aurrera joan arren oraindik sasoi onean dagoela erakutsi du, eta lehenengotik jarri da aurrean.

Hona denborak:

Gizonezkoetan:

1- Yerai Varela: 26:00

2- Ouaalit Walid: 26:32

3- Sergio Garcia: 26:33

4- Beñat Arnaiz (lehenengo aretxabaletarra): 28:03

Emakumezkoetan:

1- Rosi Talavera: 32:21

2- Marisol Ramos: 33:06

3- Maitane Aizpuru: 38:18

Lehenengo aretxabaletarra: Anabel Aranzadi: 41:37

Gaztetxoen lasterketak

Helduen krosa baino lehen, gaztetxoen lasterketak izan dira, eta 8 eta 13 urte arteko neska-mutiko asko gerturatu dira zelaiaren inguruan jokatutako txapelketara; 141 guztira.

Asier Muxika Kirol Zerbitzuetako teknikaria pozik agertu da parte-hartze kopuruarekin: "Promozio lehiaketa bihurtu da Otala Zelaiko txapelketa, eta gaztetxoak korrika egitera animatzeko aparteko eguna da. Helduen parte-hartzeak behera egin du aurten, baina, horiek beste mila aukera dituzte korrikan egiteko. Hortaz, oso pozik gaude gaztetxoen artean arrakasta handia izan duelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak