Bergarak bi gol egin eta berdinketa lortu zuen Pasaian. Joko ona egin zuten eta baloiaren jabe izan ziren baina pasaitarrak jarri ziren aurretik. Atsedenean emaitza 1-0 zen. Ez ziren hor amaitu bergararren atsekabeak. Bigarren zatia hasi eta gutxira bigarren gola egin zuten-eta etxekoek. Baina markagailuari buelta emateko gauza izan ziren Galanen mutilak. Zenbait aldaketa egin eta laster egin zuen gola Baltzategik. Deskontuko minutuetan iritsi zen bigarrena Urrutiaren burukadaz.
Mondrak 1-0 galdu
Ezinean dabiltzanak Mondrako mutilak dira. Punturik gabe itzuli ziren atzo Berion jokatutako partidutik. Lehenengo zatian nahiko ondo ibili zirela esan digu Iban Rodriguez entrenatzaileak.Aukerak sortu zituztela esan du baina punteria falta izan zitzaiela jaurtiketetan. Beriokoek gol bakarra egin zieten eta falta baten ondorio izan zen: jaurtiketa zuzena eta gola. Puntu beharrean daude Arrasatekoak, izan ere, sailkapeneko azken postuetan daude.
Udak 0-1 irabazi
Txanponaren beste aldean UDAren emaitza dugu: aste bukaeran kanpoan lortutako emaitzarik onena. Aretxabaletakoak Tolosan izan ziren zapatuan eta 0-1ekoarekin itzuli ziren etxera. Pozik agertu dira UDAkoak. "Tolosa talde ona da eta partidu hori irabazita sailkapeneko goiko multzoan kokatzen gara".
Zapatuan partidu serioa egin zuten eta tolosarrek ez zuten aukera bakar bat ere eduki. UDAkoen gola atsedenetik bueltan iritsi zen. Oxel Apraitzek egin zuen burukadaz. Bi partidu irabazi ditu jarraian UDAk. Hurrengo biak etxean jokatuko ditu, jarraian Mondraren aurka egin beharko du eta beste bi etxean izango ditu. "Animatuta gaude. Asteburuko emaitza ona da".