Talde ona dela erakutsi du beste behin Ford Mugarrik

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko urtarrilaren 29a

31 eta 18 irabazi zion Urdulizi zapatuan Musakolako kantxan.

Taldean jokatu zuen beste behin Ford Mugarrik zapatuan, eta irabazi zuen beste behin. Partidu bukaeran denak zeuden pozik, jokalariak eta entrenatzailea. 

Nahiko lasai, "lasaiegi" hasi ziren etxekoak eta hori da, hain justu, Ane Herrero entrenatzaileari gutxien gustatu zitzaiona. "6 eta 0ko defentsarekin atera ginen. Horrelako defentsetan erdia zaindu behar da, ez da hutsunerik utzi behar eta kontrakoa egin genuen. Urdulizek eskatutako hutsartean berba egin genuen eta hortik aurrera zeharo aldatu zen gure jokoa". Horren adibide da 20 minutu pasa egin zituela Ford Mugarrik golik jaso gabe. Eta hori talde-lana ondo egitearen ondorioa dela aitortu zuen Ane Herrerok partidu bukaeran: "jokalariak danak dira onak banaka, eta talde bat gara. Aldagelan garbi ikusten da talde bat garela, eta talde on hori aprobetxatzen jakin behar dugu. Eta Urdulizen jokatutako partiduan talde ona izan gara".

Helburua beteta
16 eta 10 bukatu zen lehenengo zatia. Irabazten joan arren, urduri atera ziren bigarren zatira etxekoak. Baita kanpokoak ere. Baina atsedenaldian jarritako helburua bete zuten Herreroren mutilek: "gogor hasi behar ginela komentatu genuen eta lehen bi erasoetan Urdulizek ezin zuela golik egin. Lehen hiru erasoetan guk lapurtu genien baloia, eta horrek aurrera egiten lagundu zigun. Guri aurrera egiten eta beraiei behera jaisten". Partidua aurrera joan ahala Ford Mugarriren abantaila ere handiagotzen zioen, eta taldea lasaitu egin zen. Etxeko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen orduan, eta gauzak aldatu egin ziren berriz. Bederatzi minutu falta ziren partidu bukatzeko. "Ordurako 16 gol zituzten eurak eta 20ra ez heltzera jarri genuen helburu". Eta baita lortu ere; 31 eta 18 bukatu zen partidua-eta.

Urduliz behe aldean dagoen taldea da eta hasierako lasaitasuna berriz ez errepikatzea izango dute helburu Ford Mugarriko jokalariek, "talde handien aurka horrek ez digulako mesede egingo, kontrakoa baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak