Lehenengo irteeran, aldiz, egoera oso onean aurkitzen den trintxera bakarra bilatu zuten. "Oso garbi ikusten zen eta Otxandioraino, mugaraino jarraitu genuen. Kilometro pasatxoko trintxera zen eta oso egoera onean dago", azaldu digu Telleriak.
"Guk uste baino gehiago dago eta konplexuagoak dira. Kontserbazio egoera ezberdina dute baina. Argi geratu dena da gerra garaian basoan sekulako lana egin zela. Ez dira trintxera indibidualak; sare bat osatzen dute eta ezker-eskubi elkarrekin gurutzatzen dira", nabarmendu du.
Murugaineko indusketen zati dira lubakiak Burdin aroko herrixkarekin batera. "Aramaioko ondarea berreskuratzeko proiektuaren osagarri dira lubakiak eta auzo lana ezinbestekoa izan da hauek bilatzeko", gaineratu digu arkeologoak.
Bisita gidatuak
Muruko indusketa gunera, bisita gidatua egingo dute Etor Telleriarekin hilaren 31n. Bertan Burdin aroko herrixka bisitatzeaz gain, bilatutako azken trintxeren berri ere emango dute. Zabaldu berri dituzten eremuak ere bisitatuko dituzte horrela eta aurkikuntzak bertatik bertara ikusteko aukera izango da.
Irailean aldiz, bi proiektuen gaineko txostenak aurkeztuko dituzte. Batetik, indusketen emaitzen berri ematea dute helburu eta, bestetik, trintxeren mapa erakutsi nahi dute bakoitzari dagokion argazkiaz.